Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil artean dagoen "landa-ingurune naturala ezagutzeko eta lehiatzeko ez den jarduera fisikoa egiteko" aukera berria aurkeztu dute eskualdeko udal ordezkariak. Urriaren 16an, igandearekin, 08:00etatik 14:00etara, Buruntzaldeko 14. Ibilbideen Eguna antolatu da.
Agerraldian azaldu bezala, egunean eskualdean dauden bost ibilbide egin ahalko dituzte herritarrek:
- Andoain - Lasarte-Oria. 7,9 km. Oinez egitekoa
- Andoain - Urnieta. 4,8 km. Oinez edo bizikletaz egitekoa
- Andoain - Usurbil. 14,9 km. Oinez egitekoa
- Lasarte-Oria - Urnieta. 3,9 km. Oinez egitekoa
- Lasarte-Oria - Usurbil - Aginaga. 9 km. Oinez edo bizikletaz egitekoa
Horiek herri bakoitzean dauden paneletan zehaztuta daudela azpimarratu dute. Eta Navi Ruta aplikazioaren bitartez, ekimenean parte hartzen dutenek mugikorrean ere bideak eta intees guneak eskura izan ditzaketela gogoratu dute. Aplikazioa aipatu paneletan dagoen QR kodea eskaneatuz ezarri daiteke mugikorretan.
Horrez gain, mendizaleek Buruntzaldeari itzulia eman ahal diotela ere azaldu dute agerraldian. Ostadar SKTko Mendi sailaren eskutik 27 kilometroko ibilbidea egingo da. Ibilaldi hau 8:00etan aterako da San Pedro eliza ondotik.
Ohi bezala, herri bakoitzean kontrol puntu bat ezarriko dela adierazi dute, Usurbilen izan ezik. Bertan bi izango dira, Santuenean eta Aginagan. Horietan informazioa, txartela edo zigiluak jaso eta mokadutxo bat eta edatekoa ere izango dute partaideek. Oparirik ere izango da, eskuoihal bat. Bi ibilbide edo Andoain - Lasarte-Oria / Andoain - Usurbil ibilbideak egiten duten herritarrek jasoko dute.
Eta etxera itzultzeko 12:00etatik 14:40era (Urnieta) autobus zerbitzua martxan izango dela jakitera eman dute. Aginagatik orduro atera eta herri ezberdinak igaroko ditu: Usurbil, Lasarte-Oria, Andoain eta Urnieta.
Ekimenari buruzko informazio gehiago eskuratu nahiez gero, herritarrek udaletako kiroldegietara deitu dezaketela geahitu dute.