Intzako pilotariek zorte ezberdina izan zuten

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urriaren 5a

Intzako pilotariak Ezker Hormako Gipuzkoako txapelketan murgilduta daude. Hilaren 1ean, jardunaldi berria jokatu zen; nahiz eta herriko kideak bi partidetan ongi jardun, txanponaren bi aldeak bizi izan zituzten

Jubenil 1. mailako bikoteak Gazteleku 2 izan zuen aurrez aurre Michelin Kirol guneko pilotalekuan. Haritza Diaz de Gereñuk eta Peru Urdanpilletak partida luzea eta gogorrari aurre egin zioten. Andoaingo bikoteak ederki jokatu zuen eta ez zuen akatsik egin. Ondorioz, 8-22 galdu zuen Intzako bikoteak.

Jose Felix Solano arduradunaren hitzetan, "emaitza hobea merezi zuten. Partida ona jokatu dute eta tanto gehiago egitea falta izan zaie".

2. mailan, berriz, Beñat Olazabal eta Pedro Eloseguik 22-19 garaitu zuten. Partida berdindua izan arren, azken tantoetan Tolosako pilotariek baino ziurrago jokatu zuten herriko elkarteko kideek eta akatsik ez zuten izan. Horri esker, garaipena erdietsi zuten.