Ostadar ohorezko infantil taldeak ederki hasi du denboraldia

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urriaren 5a

Ostadar SKTko Ohorezko Infantil Mailako taldeak bi jardunaldi jokatu eta bietan garaipena erdietsi du. Hilaren lehen egunean Michelingo kirol gunean, zaletuen aurrean lehiatu ziren Jagoba Mendizabalek zuzentzen dituen jokalariak; Urnietaren aurkako neurketa 5-2 amaitu zen

Lehen minutuetan partida irekia zirudien; bi taldeek aukera ugari sortu zituzten. Aurkaria ezaguna zuen etxeko taldeak, ordea eta pixkanaka ederki moldatu ziren urdin-beltzak jokoaz jabetu eta Urnietaren zelaian jokatzeko. 

Tamalez, kontraeraso batean Ostadarren defentsak huts egin eta kanpoko taldeak aurre hartu zuen.

Urdin beltzek ez zuten amore eman eta jarraian, berdinketa lortu zuten.
Ostean, Ostadar nagusi izan zen eta atea aurrera iritsi zen behin eta berriro; hutsegite ugari ere izan zituen. Hala ere, beste bi gol egin zituen atsedenaldira iritsi baino lehen.

Bigarren zatiaren dinamika antzekoa izan zen. Ostadarrek goian jokatu zuen eta maiz izan zen Urnietaren atea aurrean. 

Aldaketak egitea ongi etorri zitzaion talde urdin beltzari eta aurkaria baino freskoago jokatu zuen. Aukeraz ongi baliatuz, aldea handitu zuen Ostadarrek eta 5-1koa ezarri zuen markagailuan.

Urrutiko falta bati esker sartu zuen Urnietak atezainaren gainetik bere bigarren gola.

Ikastea helburu

Jagoba Mendizabal prestatzailea pozarren dago taldeak hasierako neurketa horietan egindako lanarekin: "Denboraldia ondo hastea zen garrantzitsua eta bi partidak irabazi ditugu".

Multzo gogorra du talde urdin beltzak eta kirol arloan, helburu finkorik ez dute jarri. Prestatzaileak aipatu duenez, "talde batzuk ezezagunak ditugu. Beraz, partidaz partida ikusiko beharko dugu nola moldatzen garen. Abendu hasieran sailkapenaren arabera ikusiko da. Kopa lehiatzea egokitzen bazaigu, garaipenaren bila joango gara".

Kategoria horretan ikasketa prozesuak duen garrantzia ere azpimarratu du: "Taldeak lehiatzea eta ikastea dugu buruan".