Auditorioko eserleku ia guztiak bete dituzte familiek sudurgorrien lan berriaren ikuskizunaz gozatzeko. Abestu, dantzatu, barre egin... horietarako hamaika aukera izan dituzte ordubete luzean. Alaitasuna nagusi izan arren, amalurra zaintzeko garrantziaz ere ohartarazi dituzte txikiak. Itsasoko kutsadura, migranteek aurre egin behar dituzten arriskuak, bioaniztasuna babesteko eta aberasteko txorrotxio bakoitzaren beharra...
Saioen amaieran herrietan euskararen alde dabiltzan eragile, elkarte eta bestelakoak omendu ohi dituzte. Herrian, habi kutxa bana eman diete Jalguneri eta Ttakun Kultur Elkarteari. Pili Bermejok eta Inma Muñoak jaso dituzte, hurrenez hurren. Eskertzan Muñoak adierazi du "oso pozik" dagoela Ttakunen izenean habia hartzeagatik eta "hau txori txikiz beteta dagoela". Halaber, 10. Euskararen Maratoian, Euskaraldian eta tartean egingo dituzten tailerretan parte hartzera animatu ditu. "Udazkena bete-betea, bero-beroa, dator eta elkar ikustea espero dut. Animatu!". Bermejok, berriz, eskerrak eman dizkie sudurgorriei "zuen baloreak gurekin partekatzeagatik, ohiturak aldatzen laguntzeagatik. Hori da gure lana ere: pentsaerak aldatzen saiatzea".
Ondoren, elkarrekin dantzatu dute Pausoka-pausoka, Maite zaitut eta Txoria nintzela abestiak, 10. Euskararen Maratoian parte hartzeko deiarekin agurtu dira.