Azken asteetako jardunari eutsiz, zuzeneko musika izan da asteburu honetan ere Jalgin. Larunbat iluntzean Odolaren Mintzoa laukote usurbildarrak hardcore doinuz bete zuen kafe antzokia eta herritar ugari erakarri zuen. 2008an hasi zuten beren ibilbidea eta hiru disko kaleratu dituzte ordutik: Odolaren Mintzoa, Etsipenaren aurka eta Hauskor. Lan horietako kantekin osatu zuen bere emanaldiaren errepertorioa.