Herriak kontatutako Historiaren beharraz gogoeta egin dute Azken Ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 30a, 22:22

Memoria ardatz izan du ikasturteko lehen Azken Ostiralak. Urte hasieran abian jarritako dinamikari eutsiz, erdialdeko kaleetan barrena mobilizazioa egiteaz gain, gogoetarako baliatu du hitzordua Lasarte-Oriako Sarek. Halaber, urriaren 8an Donostian aurrera eramango dituzten jardueretan parte hartzera deitu dituzte lasarteoriatarrak

Pablo Barrio izan da hilabete honetako gaiari ahotsa jarri diona. Memoriaz hitz egiteko edozein une ona bada ere, urteko bederatzigarrenean oroitzen diren zenbait gertakarik are aproposagoa egiten dute iraila zeregin horretarako. 27an, adibidez, Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru militanteren fusilamenduak, eta 23an, poliziak Mikel Kastresana herritarra hil zuela. Hain zuzen ere, azken horri hilerrian egindako omenaldian entzun zuen esaldi bat gogoratu du Barriok: "Ahaztea galtzea da".

"Hitzez eta ekintzez debekatzen zaigu herri honetan gertatutakoaren gure bertsioa ematea. Ezin ditugu gure zauriak erakutsi, gure zergatiak eta arrazoian azaldu". Hala, kontaketa bakarraren inposazioaren aurrean, "sufrimendu guztien egia, aitortza eta errespetutik" herriak kontatutako Historia ezagutzeko "eskubidea eta beharra" aldarrikatu ditu.

Memoria hori jaso eta denen eskura jartzeko lana "guk egin behar dugu, Euskal Herri libre, justu eta duin bat egin nahi badugu, behintzat". Historia etorkizunera begira egiten den zerbait dela ere nabarmendu du, izan ere, "adar berriak enborra badago bakarrik sortuko baitira". 

Ospatu eta aldarrikatu

Abiatu aurretik, Elizatzen elkartu diren 50 bat lagunei Etxeratek eta Sarek adostutako idatziaren edukiaren berri eman die Ixiar Artegak. Urrunketarekin amaitu dela gogoratu du, "herritar, eragile, alderdi eta sindikatu" askoren  lanari esker, baina oraindik salbuespen politika eta neurriak mantentzen direla zehaztu du. "Beraz, lana daukagu egiteko".

Hiru milioi kilometro –Euskal Herrian herritar kopuru adina– egiteko helburuarekin martxan jarri zuten dinamika ia bi urte eta erdi ondoren lortu dute. Larunbatean amaituko dute Etxera bidea gertu izenburupean prestatu duten ekimen sortarekin. Parte hartzeko deia egin die Arteagak herritarrei. Donostiako Bulebarrean elkartuko dira 11:00etan eta lau zutabetan Pio XII plazara joango dira. Bertan, mobilizazioa egingo dute 12:00etan, eta jarraian, Illunbera abiatuko dira. Bazkariaz gain, haurrentzako txoko bat, tirolinak, bertsolariak, ekitaldia... ere izango dira. Jaialdia 17:00etan hasiko dute. 

Etxetik gertuago badaude ere, etxera ekartzeko zati bat egiteke dutela zehaztu du Arteagak. "Lanarekin egingo dugu, eta egia da zuek ondoan sentitzeak poza ematen duela, ez gaudelako bakarrik", eskertu du.