Herria rallyko zirkuitu bilakatu da beste behin

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urr. 1a, 14:09

San Sebastian Circuit Spiritek antolatutako auto klasikoen eta kirol autoen V. nazioarteko rallyak Lasarte-Orian geldialdia egin du gaur goizean. Aurtengo 120 bat partaideek motor hotsez bete dituzte herriko kaleak.

Donostiatik Lasarte-Oriara 10:45 iritsi behar ziren, baina hamar bat minutuko atzerapenarekin heldu dira lehen auto bereziak Michelin lantegira. Kanpoan, ohi bezala, zaletuak eta kuxkuxeroak gehitzen joan dira errepide ertzetan. Tamalez, aurten, iaz ez bezala, ezin izan dituzten autoak gertutik ikusi lantegiko aparkalekuan, ia iritsi ahala eman baitiete irteera. Horren ardura, ohi denez, Agustin Valdivia alkateak izan du. Udalerriko banderarekin adierazi dio abia zitekeela lehen autoari; ondoan, Txus Alonso zinegotzia zuen. 

Ibilgailuek ohiko ibilbidea egin dute herrian barrena: Geltokia kalea, Hipodromo etorbidea eta Kale Nagusia igarota Zirkuituko Ibilbidetik aurrera egin dute. Kale horien espaloietan ere herritar ugari gelditu da ezohiko ibilgailuak pasatzen ikusteko.

2017an hasi zen Donostia Circuit Spirit. Ekitaldi honen nahia 1923 eta 1935 urteen artean Donostiako automobil zirkuituan izandako lasterketak gogora ekartzea da.