Realak Txapeldunen Ligako kanporaketa jokatu zuen bart Munichen, Alemanian. Reale Arenan 0-1 irabazi zuen Bayern Munichek eta Natalia Arroyoren taldeak itzulia eman nahi zion egoerari. Etxeko taldek ez zien lana erraz jarriko, ordea. Hasieratik nagusi izan zen Bayern eta 18. minutuan, lehen gola egin zuen. Bost minutura, jaurtiketa bat alboratu nahian bere atean sartu zuen Realeko defentsak. Nahiz eta momenturen batean bi taldeen indarrak berdindu, alemandarrek hirugarren gola egin zuten. Atsedenaldia baino lehen etorri zen Realaren gola. Jokaldi bikaina egin eta Jensenek murriztu zuen aldea. Bigarren zatian, aldiz, hobeto jokatu zuen talde txuri-urdinak. Etengabe erasoan aritu ziren eta ate aurrean aukera bakan batzuk sortu zituzten Realeko jokalariek. Tamalez baloia ez zen sarean sartu eta 3-1 amaitu zen partida. Ondorioz, Bayern Munichek 4-1eko emaitzarekin Txapeldunen Ligan aurrera egin eta multzoen fasea lehiatuko du; Real Sociedadek, berriz, ametsa atzeratu beharko du. Iraia Iparragirre herritarrak aulkitik ikusi zuen neurketa.