Gaztetxoek aisialdia euskaraz gozatzeko eskaintza prestatu dute Ttakun KEk eta udalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko irailaren 30a

Elkarlanean aritu dira aurten ere Ttakun Kultur Elkartea eta Lasarte-Oriako Udala, herriko haur eta gazteei aukera emateko haien aisialdia euskaraz bizi, sentitu eta gozatzeko. Eskaintza zabala ondu dute, lau programatan banatuta: Amaraun Kluba, Gazte Kluba, Kuadrillategi eta Faktoria. Horietako bakoitza adin tarte jakin bateko neska-mutilei zuzenduta dago.

Antolatzaileek ohartarazi dutenez, izen ematea irekita dago oraindik, eta "arrakastatsua" izaten ari da (Kuadrillategikoa itxita dago, eta Gazte Klubekoa gaur bukatuko da, hilak 30), makina bat pertsona inskribitu direlako honezkero. Arduradunak ikastetxez ikastetxe eta gelaz gela ibili dira ikasleei eskaintzaren berri ematen, eta "oso harrera ona" izan du. 

Egitasmo bakoitzak bere ezaugarriak eta adin tartea izanagatik, helburu amankomunak dituzte: haur eta gazteen garapena aisialdiaren bitartez lantzea da horietako bat. Horretarako, buru-belarri lan egin dute, programetako ekimenak "dibertigarri eta erakargarriak" izan daitezen erabiltzaileentzat.
Saioak, gozagarriak izateaz gain, hizkuntza ohituretan eragitekoak izango dira: xedeak izango dira haur eta gazteen harreman sarea euskalduntzea eta lagunarteko komunikaziorako tresna euskara izatea. Hori erdiesteko euskaraz aritzeko esparruak sortuko dituzte arduradunek, eta hizkuntza horren aldeko dinamika soziala nahiz identitate euskalduna sendotuko dituzte. 

Amaraun eta Gazte klubak 

Gaztetxoenak klub bateko edo besteko kide izango dira, haien adinaren arabera: Amaraunen parte hartuko dute 2 eta 8 urte artekoek; 9 eta 12 artekoak, berriz, Gazten. 

Amaraun klubean ipuin kontaketa saio bereziak aurrera eramango dituzte HH3 eta 4 mailetako haurrentzat, imajinazioa dantzan jar dezaten. Koxkortuago daudenak (HH5 eta LH2 artekoak), aldiz, eskuekin ariko dira lanean, tailer hezigarri eta dinamikoetan: magia, sukaldaritza eta laborategi saioak egingo dituzte, beste batzuen artean. Horietako bakoitzak lauzpabost aste iraungo ditu. 

Aipatutakoaz gain, ekimen puntualak prestatuko dituzte familientzako: mahai jolasen topaketa, ikastaroak, ikuskizunak, txangoak... Nondik norakoen berri jarduerak antolatu ahala izango dute erabiltzaileek, baina norbaitek informazio gehiago nahiko balu, aisia@ttakun.eus helbide elektronikora idatzi edo 695 78 53 92 telefono zenbakira hots egin dezake.

Gazte Klubeko lehen saioa urriaren 7an aurrera eramango dute gaztetxoek. Ordutik aurrera ostiraletan elkartuko dira begirale eta haurrak, eta hamaika jolas zein tailer egingo dituzte, 17:30etik 19:30era. Horrez gain, bereziagoak izango diren abenturak biziko dituzte, gehienbat asteburu eta oporraldietan izango direnak: irteerak, esperimentuak, Natur Ekintzak, eta abar. 

Kuadrillategi eta Faktoria

Nerabeen aisialdia dinamizatzeaz Kuadrillategi eta Faktoria programak arduratuko dira. DBH1etik 4. maila artekoak ariko dira lehenengoan: saio arruntak ostiraletan aurrera eramango dituzte, 19:00etatik 21:00etara, eta bereziak, kurtsoan zehar. "Taldeetako kideekin hitz egin, eta haiek nahi dutenaren arabera programatuko ditugu", zehaztu dute Ttakunetik. Horrez gain, ohartarazi dute "beste herri batzuetako gazteekin" elkartuko direla noizean behin; azken urteetan ezin izan dute hori egin, pandemiagatik.

Faktoria laster jarriko dute martxan, izen emateak ikusi eta taldea osatzen dutenean. Proiektu bat hautatu eta hori landuko dute, bi ostiralean behin. 
Bi egitasmo horiei buruzko xehetasun gehiago nahi dituenak bi bide ditu Ttakuneko kideekin harremanetan jartzeko: ktglasarteoria@ttakun.eus helbidera idatzi edo 943-37 14 48 telefono zenbakira deitzea.