Larunbatean hasiko da Adinekoen Omenaldi Astea, bandera igotzearekin

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 29a, 14:27
Urriaren 8an dantzaldia egingo dute, bapo bazkaldu eta gero.

Merezitako aitortza jasoko dute Lasarte-Oriako adineko pertsona ugarik urriaren 1etik 9ra: egun horietan egingo dute Adinekoen Omenaldi Astea, pandemia aurreko formatua berreskuratuta. 

Egitaraua Biyak Bat elkartearen eta Lasarte-Oriako Udalaren artean prestatu dute. Ohi bezala, Biyak Baten bandera igotzearekin hasiko da festa. Urriaren 1ean aurrera eramango dute jarduera hori, 16:00etatik aurrera, elkartearen egoitzan (Kale Nagusia, 40). Hiru egun geroago, Jose Alberto tenoreak emanaldia egingo du Manuel Lekuona Kultur Etxean, 19:00etan. Sarrera doakoa da.

Ekimen gehienak, datorren asteko asteburuan

Urriko bigarren asteburuan egingo dituzte egitarauko jarduera gehienak. Urriaren 7an, ostiralez, Ondo ibili egitasmoaren barruko ibilaldia programatu dute, 11:00etarako. Arratsaldean, 19:00etan hasita, Duo Imperial taldeak kontzertua emango du kultur etxean. Hurrengo egunean, urrezko ezteiak egin dituzten bazkideek omenaldi xumea jasoko dute elkartearen egoitzan, eguerdian. Hori baino lehen, meza egingo dute 11:00etan, Ama Brigitarren komentuan.

Igandea izango da festa egun handiena. 11:30ean meza hasiko da Arantzazuko Ama parrokian; hiru ordu laurden iraungo ditu, gutxi gorabehera. Ondoren, elizatik kultur etxeraino kalejiran joango dira herritarrak, Biyak Bat koruaren kontzertua ikustera. 13:15ean hasiko da. Amaitzean, metro batzuk gehiago ibili eta Michelingo kirol gunera bertaratuko dira, han bazkaltzeko. 14:00etan eseriko dira mahaietan. Bapo jan ostean, nahi duenak aukera izango du gorputza astintzeko, 18:30ean hasiko den dantzaldian. Ibai Berriak talde lasarteoriatarrak girotuko du bazkalostea

.