Aukerak baliatu zituen Ostadarrek eraman zuen Erregional 1. Mailako derbia

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 29a, 15:30

Ostadar SKT eta Texas Lasartearra taldeek Erregional 1. Mailako derbia jokatu zuten denboraldiko lehen jardunaldian. Partida borrokatua izan zen eta gol aukerak ongi baliatu zituen taldea gailendu zen; 1-2 amaitu zen norgehiagoka talde urdin-beltzaren alde

Erregional 1. mailako derbiak Michelin kirol guneko harmailak bere zituen irailaren 24an eta giro ederra izan zen. 

Denboraldi hasiera berezia izan zen bi taldeentzat. Abuztuan zendutako Ostadar SKTko jokalari ohi Xabier Otaegi izan zuen gogoan talde urdin-beltzak. Hori dela eta, neurketa hasi baino lehen minutuko isilunea egin zuten bi taldeek. Texas Lasartearrari dagokionez, bost urtez kategoria horretan lehiatu gabe egon ostean, Erregional mailara itzuli zen.

Hori guztia dela eta, euren zaletuen aurrean gogoz ekin zioten bi taldeek norgehiagokari eta lehen zati borrokatua izan zen. Husnako berdinketarekin amaitu zen.

Bigarren zatian, Ostadarrek ongi baliatu zituen ate aurreko aukerak eta 48. minutuan aurre hartu zuen markagailuan areaz kanpoko jaurtiketa baten bitartez. Nahiz eta Texas Lasartearra golaren bila joan, kontraeraso batean baloi luze bati esker Ostadarreko aurrelaria atezainaren aurrean geratu eta talde urdin-beltzak bigarren gola egin zuen. 

Zuri-urdinek ez zuten amore ematen eta jokaldi batean bost korner jokatzera iritsi ziren. Partida amaitzear zegoela, etorri zen saria Yonatan Monroyren taldearentzat; ezkerretik egindako jaurtiketa batean 1 eta 2koa egin zuen. 

Ostadarrek orduan neurketaren erritmoa mantsotu zuen eta Texas Lasartearrako erregionalak ezin izan zuen berdinketa eskuratu.

Gol aukerak

Ostadarreko Mikel Zarraga prestatzailea pozik dago emaitzarekin, baina markagailua bestelakoa izan zitekeela era nabarmendu du: "Partida nahasia izan zen. Aukerengatik berdinketa izango zen justuena, baina areatan zorrotzago ibili ginen eta horrek eman zigun garaipena".

Bat dator Texas Lasartearrako arduradun Monroy ere: "Ongi aurre egin geniela uste dut. Ez genuen partida ona egin, baina ez genuen galtzea merezi nire ustez. Ateari begira aukerak ongi baliatu zituen taldeak irabazi zuen. Ostadarrek hiru bat jaurtiketa egin zituen eta bi gol egin zituen. guk erraz sartzekoak zirenen aukeretan huts egin genuen".

Talde txuri-urdina urduri zegoela ere onartu du: "Neurketaren tentsioak urduritasuna sortu zuen eta %100ean iritsi beharrean %200era iritsi ginen. Neurriz kanpo ginen. Ondorioz, arinegi jokatzen genuen; pentsatu gabe, dena azkar egin nahian eta gainera, atera egin zuten lehen jaurtiketan gola egin zuten. Guztia kontra joan zitzaigun".

Zarragak ere neurketak jokalariengan sortutako tentsioa aipatu du: "Zaletuen aurrean gogoz ekin genion bi taldeok eta bukaeran igarri zen; jokalari askok ezin izan zioten partidaren erritmoari eutsi".

Bi taldeetako arduradunek lehen jardunaldi horretan jasotako berotasuna eta egondako "giro aparta eta polita" nabarmendu dute. Horregatik, Michelin Kirol gunean izan ziren zaletuei eskerrak eman nahi dizkiete.

Helburu zehatzik ez

Ostadar SKTko zein Texas Lasartearrako entrenatzaileekin hitz egin dugu denboraldi hasierari buruz.

Denboraldiaurre gorabeheratsuaren ostean, talde urdin-beltzeko Mikel Zarragak taldeak ilusioz hasi duela nabarmendu du: "Aurreko urteko jokalari multzo handi batek Texasera joateko erabakia hartu zuen, beste batzuk, euren ikasketak kanpoan egingo dituzte aurten; ondorioz taldea nahiko berritu da". 

Taldeak abuztuaren erdialdean hasi zituen entrenamenduak eta hilabete izan du taldea finkatzeko. Tarte horretan sei neurketa jokatu ditu Ostadarrek, guztiak 1. Erregional maileko taldeen aurka. "Ezagutze prozesuan egonda, gora behera askoko partiduak izan ziren," adierazi du.

Horregatik, aurten helburu zehatzik ez dutela onartu du: "Talde gaztea garenez, helburu finkorik ez dugu jarri. Entrenamenduz entrenamendu hobetzen saiatuko gara, partida guztiak lehiatu ahal izateko".

Texas Lasartearra ere abuztuaren erdialdean hasi zen lanean. Denboraldiaurrean hiru lagunarteko jokatu dituzte; bi irabazi zituzten (4-0 eta 2-1) eta 6-4 galdu zuten.

Azkeneko neurketan hainbat baja garrantzitsu zituztela nabarmendu du Monroyk: "Jokalari taldea 24koa da. Baja asko izan ditugu azken asteetan eta  hamabostean geratu gara. Jokalari garrantzitsuek min hartu dute eta ezin izan dute lehen jardunaldian jokatu. Pixkanaka izan da eta batzuk azken astean".

Lehen urtea du taldeak Erregional 1. mailan eta kirol helburu zehatzik ez dutela aipatu du: "Gure helburuak bi dira. Zaletuek talde ikusteko gogoa izatea eta jokalari guztiak gustura egon eta denboraldia amaitzea. Ez dugu besterik buruan".

Hasiberriak izan arren, Monroyk ongi ikusten du taldea eta gainerako taldeei aurre egiteko gai direla uste du. "Gogo handia dute hurrengo neurketa iristeko. Ilusio handia dute," adierazi du.

Aste honetan, Ostadarrek Idiazabal izango du aurkari Michelin kirol gunean ; Texas Lasartearrak, berriz, Intxurre KKE izango du aurrez aurre, Alegian.