Kadete Errendimendu Zilar taldeak luzapenean irabazi zuen

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 29a, 12:00

Ostadar Saskibaloia taldeko Kadete Errendimendu Zilar taldeak liga hasiera ona izan du; bi jardunaldietan garaipena erdietsi du. Jonatan Reinok zuzentzen duen taldeak BKL Pagoeta izan zuen aurrez aurre bigarren neurketan Maialen Chourraut kiroldegian

Luzapenean irabazi zuen Ostadarreko Kadete Errendimendu Zilar mailako taldeak BKL Pagoetaren aurkako norgehiagoka. 

Ostadarrek aurre hartu zuen eta ederki mantendu zuen aldea (10-13, 25-21 eta 40-32). Alabaina, azken laurdeneko lehen minutuetan irabazia zirudien neurketak itzulia eman zuen. Aurkaria jokoan sartu eta berdinketa lortu zuen, 55-55.

Azken bost minutuetan Ostadarren jokalarien altuera eta indar fisikoa gailendu zen eta BKLk ezin izan zuen ezer egin, 70-58.

Jonatan Reino talde urdin-beltzeko entrenatzaileak azaldu duenez, taldeak ongi jokatu zuen partida erasoan baina defentsan ez zen fin ibili. "Lana dago egiteko. Taldeak gaitasun handiak ditu baina oraindik heldugabe dago," adierazi du entrenatzaileak.

Entrenatzailea pozik dago jokalariekin eta egiten duten lanarekin: "Taldearekin lan egitea gozamena da. Oso gogotsu daude. Gustura egin daiteke lan horrelako talde batekin. Gogo eta jarrera primerakoa dute jokalariek eta hori ezin hobea da".

Egoerara moldatzen

Horri esker, kadete taldeak lehen bi jardunaldietan garaipena lortu du; lehen jardunaldian Goizper Group BKE 35-60 irabazi zuten. "Talde nahiko ahulak egokitu zaizkigu lehen neurketa horietan. Hurrengo taldeak sendoagoak dira eta maila mantentzen dugun ikusi beharko da," azaldu du Ostadarreko prestatzaileak.

Horrez gain, maila berrian lehiatuko da kadete taldea aurten eta egoerara moldatzen ari dela nabarmendu du Reinok: "Federazioak bitan banatu du errendimendu  maila (urrea eta zilarra) eta gurea berria izanik, galduta ginen hasieran. Ez genuen argi zein mailako taldeek emango zuten izena". 
Zilarrezko ligan talde ezagunak eta ezezagunak topatuko dituztela jakitera eman du. Beraz, lehiaketako maila zein den ere ezin dute zehaztu: "Jardunaldiak jokatu ahala ikusiko dugu gainerako taldeen eta gure maila zein den"

Eta taldean aldaketak izan direla ere aipatu du: "Taldea urtero berritzen da. Adinaren arabera, talde erdia gutxi gorabehera igotzen da junior taldera eta kadeteetatik antzeko kopurua dator. Jokalari bat ere beste elkarte batera joan da". Hala ere, behar baino jokalari gutxiago dituela aitortu du eta harrobiari esker, hutsuneak betetzen ari direla onartu du talde urdin beltzeko arduradunak.

Hori guztia dela eta, aurten kirol arloan helburu zehatzik ez dutela azpimarratu du Reinok: "Ahal den posturik onenean egotea da xedea. Partida partida goaz eta lehen itzuliaren amaieran joko maila zein den ikusi ahalko dugu eta helburua zehaztu ahalko dugu". 

Era berean, Errendimendu maila formakuntzarako urtea dela gogoratu du: "Jokalariek ikastea, euren trebakuntzak hobetzea eta saskibaloiaz gozatzea nahi dugu".