Julen Basterra Garmendia: "Nekazal munduko nire bizipenei doinua jarri diet"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2022ko ira. 30a, 08:48

JULEN BASTERRA GARMENDIA - GITARRA JOTZAILEA

'Sorm3n' diskoa kaleratu zuen iaz lasarteoriatarrak, estreinako lana, eta 'Jardun4ldi' aurten. Izenburuetako zenbakiek hala iradoki arren, bigarrena ez da lehenaren segida: kontzeptu orokor bat lantzen du, eta "esperimentalagoa" da.

"Mahats artean" ari da lanean Julen Basterra Garmendia (Lasarte-Oria, 1993) gaur egun, nekazal munduan. Lanaldiz lanaldi sentitzen dituen bizipen pertsonalei doinua jarri die gitarra klasikoarekin, eta disko batera eraman ditu, Jardun4aldi izenekora. Sortzailearen bigarren estudioko lana da. Harekin elkartu da txintxarri, proposamen horri buruz gehiago jakiteko.

'Jardun4aldi' izena jarri diozu zure bigarren diskoari. Zergatik? Zein bide egiten duzu lanean zehar, eta zein bide egitea proposatzen diozu entzuleari?

Nire lanari eskainitako disko bat da, lanaldiari, jardunaldiari. Nekazal munduan ari naiz ni, eta bertan izaten ditudan bizipen pertsonalen soinu banda bat egin dut. Nire sentimenduei doinua jarri diet gitarra klasikoarekin, baina era berean pentsatu dut gainerako pertsonengan, egunero lan egiten dutenengan, beste esparru batzuetan. Uste dut Jardun4aldi entzunda haiek ere uler dezaketela zeri buruz ari naizen. Lanari buruz gogoeta pertsonal bat egitera gonbidatzen ditut entzuleak.

Hausnarketa hori egiteko, beharrezkoa da diskoa ordenean entzutea? Abesti zerrenda begiratuta, sekuentzia bat garbi ikusten da: 'Jardun4aldi', 'Goizeko Martxa', 'Egu Erdi', 'Arrats Kalte', 'Gau On', 'Egun Senti'...

Bai, kanten hurrenkera errespetatzea gomendatzen dut.  Hasieran binilo formatuan kaleratzea zen nire asmoa, baina garestiegia zenez, CDa izan da azkenean. Diskoak bi zati ditu: lehenengoa, edo A aldea, lanaldiari  berari buruzkoa da; eta bigarrena, edo B aldea, esperimentalagoa, filosofikoagoa. 'Lan egiten dugu, bai, baina zertarako?' galderari buruz hausnartu dut.

Zergatik aldatu duzu diskoaren izenburuaren bigarren 'a' hizkia '4' batengatik? Nolabaiteko joko, keinu, iradokizun...bat da? Zure lehen diskoan, 'Sorm3n'-en, gauza bera egin zenuen. 

Detaile garrantzitsua da hori. Esanahi gehiago sartzeko aukerak erabiltzen ditut nire lanetan, eta kasu honetan, naturaren lau elementuei egin diet erreferentzia: haizea, lurra, sua eta ura. Guztiak entzuten dira diskoko abestietan. Esate baterako, azken kantuan, T(X)A(L)O-n, Irati ibaiaren jarioa sartu dut. Sorm3n-en hiru oinarri erabili nituen: gorputza, arima eta espiritua.

"Naturaren lau elementuei egin diet erreferentzia: haizea, lurra, sua eta ura"

'Sorm3n'-en jarraipena da Jardun4ldi'?

[Pentsakor geratu da une batez]. Lehen diskoak ez zeukan kontzeptu orokor bat, abesti solteak konposatu nituen; ideia bati buruzkoa zen bakoitza. Zentzu horretan, desberdina da bigarren lana. Horrez gain, esperimentalagoa da. Xabi Agirreren laguntzarekin sortu dut, hark Mungian duen estudioan, Abadetxen.

Nolakoa izan da prozesu hori? Elkar ezagutzen zineten lehendik?

Oso aberasgarria. Sorm3n kaleratu nuenean, Euskadi Irratian elkarrizketatu ninduten. Horren ostean, Xabi harremanetan jarri zen nirekin, helbide elektroniko bidez: erantzun zintzoa izan zen, benetako interesa erakutsi zuen nire jardunarengan, eta tren hori hartzea erabaki nuen, berarekin lan egitearena.

Buruan zenuenetik kaleratu duzunera, gauza asko aldatu dituzu?

Ez. Kontatu nahi nuen istorioa argi nuen, eta ordena ere bai. Xabirekin lan egiteak lagundu dit, batez ere, abestiak biribiltzen eta kolorea ematen; ñabardurak sartzen. Elkarlan horrek aberastu egin du diskoa, dudarik gabe: gitarra klasikoa izan du oinarri baina sartu ditugu bestelako soinu, efektu eta elementuak.

"Xabirekin [Agirre] lan egiteak lagundu dit, batez ere, abestiak biribiltzen eta kolorea ematen"

Gitarra eta bestelako elementu ugari entzun daitezke 'Jardun4aldi'-n, baina hitzik apenas ez. Zergatik?

Nire bizitzako etapa honetan erosoago sentitzen naiz letrarik gabeko abestiak sortzen. Hori bai, sekulako indarra aitortzen diot ahotsari: gizakiaren instrumentu onena da, berezkoa.

Aipatu duzu bilatzen duzula entzuleek gogoeta pertsonalak egitea. Norberaren barruko ahotsa entzuten laguntzen du kanpokoa isiltzeak? Azken hori indartsua izanagatik, hausnartzerakoan distrakzio, oztopo izan daiteke?

Kantuak instrumentalak izatearen hautua ere hortik doa, bai. Uste dut momentu erreflexibo batean dagoen pertsona bat asko mugatzen dutela letrek, norabide oso zehatz bat markatzen dutelako. Musikaren sinbolismoa askoz zabalagoa da. 

Nire iritziz, oso hitz egokiak behar dira entzulearentzat benetan esanguratsuak izan daitezen, haiengan gogoeta egitea pizterakoan behintzat. Ariketa hori modu iradokitzaile baina era berean poetikoan egingo nuke nik, eta hori ez da erraza.

Horrelako ariketa bat egin duzu 'Hodeiak/Hitzak/Hodeiak' abestian. Zure ahotsa erabiliz, hainbat gogoeta egin dituzu, eta kontzeptu iradokitzaile batzuk erabili, esaterako, kultura iheskorrarena. Zer da hori?

Sormena ogibide dutenek batzuetan pairatu behar duten egoera edo joera dela iruditzen  zait. Hain produktiboak izan behar dugu mundu honetan, non kultura bera ere zurrunbilo horretan sartzen den eta iheskor bihurtzen zaigun: oso zaila da lasaitasunez eta erritmo geldo batean esanguratsuak izango diren lanak sortzea. Nork du benetan patxadaz hartu eta jendea hunkitzeko erritmo hori? Nork ekarriko digu horrelako txinparta bat? Hein batean, nire diskoak hori egitea espero dut, sentsazio hori sorraraztea entzuleengan. Haiekin partekatu nahi dudan zerbait da Jardun4ldi.

"Hain produktiboak izan behar dugu mundu honetan, non kultura bera ere zurrunbilo horretan sartzen den eta iheskor bihurtzen zaigun"

Noiz bururatu zitzaizun proiektu hori egitearen ideia?

Igeldon bururatu zitzaidan, kiwi artean nengoela, pandemia garaian. Ez konfinamendu betean, orduan ez nuelako izan gitarra jotzeko gogorik; sei hilabete geroago hartu nuen instrumentua berriro, eta nire jardunaldiari buruz pentsatzen hasi nintzen.

Diskoaren azala deigarria da. Zuk diseinatu duzu ala sortzaile batengana jo duzu?

Nire jardunaldi askoren parte izan den lagun batek egin du, Garbiñe Arregik. Abaltzisketako Sasiain baserrian ezagutu nuen, lankide izan nuen hango baratzean. Bertako zutabeetako bat da Garbiñe. Berak proposatu zidan azalean ikusten diren elementuak sartzea: kimaketako adarrak, gitarra bat nekazari galtza batzuen telarekin egina, itsasoa [Igeldotik bista hori zuen Basterrak] eta eguzkiloreak.

Eguzkilorea, eta ez beste landare mota bat.

Sasiaini egindako keinu berezi bat izan da hori.

Zuzeneko emanaldiak egiteko asmoa duzu? Lotu duzu baten bat?

Orioko Zingira kanpineko Los Fogones de Luzia jatetxean aurkeztu nuen lana, hilaren 17an. Beste kontzerturik ez dut, oraingoz. Hori bai, gustatuko litzaidake herrian jotzea, Manuel Lekuona Kultur Etxean, ea posible den. Horretaz aparte, ez dut gehiegitan aritu nahi zuzenean, ez dut erotu nahi horrekin, asko nekatzen duelako.

Pentsatu dudana da kalean jotzea, baina inori esan gabe noiz eta non ariko naizen; nire barrua husteko ariketa gisa planteatu dut hori. Gure herriko kultur etxean kontzertu bat ematearekin itxiko nuke prozesua. Hori bai, aukera izanez gero, nire nekazal jardunarekin uztartu beharko nuke; uneotan, txakolindegi batean ari naiz lanean, mahats artean. Lan gogorra da baina gustura nabil, lankide ugarirekin; haiekin harremana izatea gauza ederra da. Pandemiak asko isolatu gintuen eta apurka-apurka ari gara berreskuratzen, uste dut funtsezkoa dela hori.

"Manuel Lekuona Kultur Etxean kontzertu bat ematearekin itxiko nuke prozesua"

Noiz hasi zinen gitarra jotzen?

Txikia nintzela, 6 urterekin. Kasualitatez hasi nintzen: gurasoek apuntatu ninduten Lasarte-Oriako musika eskolara, eta atentzio gehien deitu zidan instrumentua hautatu nuen, gitarra klasikoa. Haurrek ez dute horrenbeste pentsatzen gauzak zergatik aukeratzen dituzten.

Gitarra nirekin batera hazi da, hori egia da. Nerabezaroan oso gogor sartu zen gitarra elektrikoa; ondoren, joan egin zen hori eta leuntasunera itzuli nintzen. Uste dut musika osasungarriagoa egiten dudala orain, bai niretzat eta bai entzuleentzat.

Horra hor beste kontzeptu iradokitzaile bat: musika osasungarria.

Musika medizina da. Barazkiekin gorputzari jaten ematen diogu, eta musikarekin, arimari. Biak elikatu behar ditugu. Azken finean, barruan daramazuna askatzeko irtenbide bat da, eta jabetu naiz mesedegarriagoak direla soinu leunak.

Non entzun eta eskura daiteke argitaratu berri duzun arima elikatzeko 'jaki' hori?

YouTube eta Spotify atarietan, Bandcamp-en... Azken horretan, diskoa entzuteaz gain, fisikoki zein digitalki eros daiteke. Nire helburua ez da aberastea, baina ekoizpenak kostu bat izan du, eta eskertuko nuke entzuleek nire lana ekonomikoki babestea. Baliagarria izango litzaidake laguntza hori. 

Uste dut, oro har, gutxi babesten ditugula sortzaileak, eta diskoa erostea aukera polita da hori egiteko. Jardun4ldi sortu dut entzuleek esperientzia hori bizi eta bertatik zerbait ateratzeko; iruditzen zait diruz emango dutena baino gehiago jasoko dutela.

"Diskoa entzunda, iruditzen zait diruz emandakoa baino gehiago jasoko duela jendeak"