Kopan aurrera egin ostean, Eguzkik ligari hasiera emango dio

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 28a, 11:15
Aurreko denboraldiko Eguzki Arkupe Rehabilitaciones eta Euskalduna taldeen arteko neurketako irudia.

Gipuzkoako Areto Futbol denboraldia hastear da. Urriaren 2ko asteburuan jokatuko dira lehen neurketak eta Lasarte-Oriako Eguzki taldeko kideak kantxara aterako dira berriro euren onena emateko.  1. mailako taldea ordea, lehian izan da; Kopako bi kanporaketa jokatu ditu eta biak garaitu ditu

Irailaren 17an, Ostiko KTren aurkako partidarekin hasi zuen Kopa lehiaketa Josu Lopezen taldeak, Maialen Chourraut kiroldegian. Taldeari erritmoa hartze kosta zitzaion, baina ongi eman zion itzulia egoerari eta 5-4 irabazi zuen.

Bigarren norgehiagokan Eskoriatza KE izan zuen aurkari.  Partidako lehen zatian ederki jokatu zen Lasarte-Oriako taldea eta nagusi izan zen. Alabaina, huts batzuk aurkariari adorea eman eta azken minutuetan ederki borrokatu behar izan zuten Eguzkiko jokalariek 3-4koa markagailuan mantentzeko. 

Liga hasiera

Orain Kopak atseden hartuko du; Gabonetan jarraituko lehiak eta ligari aurre egingo dio Eguzkik. 

Euskaduna izango da lehen aurkaria. Andoainen jokatuko dute neurketa eta lehia borrokatua espero du Eguzkiko prestatzaileak. Hala ere, garaipena eskuratzeko prest daudela aurreratu du: "Taldeak gogoz eta konfiantzaz aurre egingo dio lehen partidari eta irabazteko aukerak ditugu".

Kopako garaipenak gainera taldeari ongi datorzkiola uste du Lopez entrenatzaileak: "Liga hasierari begira, adorea emango die jokalariei".

Igoera buruan

Liga prestatzeko abuztuaren amaieran hasi zen lanean 1. mailako taldea. Jokalari batzuen bajari aurre egin behar izan dio Lopezek eta iaz taldearekin debuta egin zuten hiru jubenil igo dituzte lehen taldera, "taldetik kanpo" fitxatze berriak ere egin ditu.

Denboraldi aurrean partida gutxi jokatu dituzte. Maila bereko Oiartzun eta Eguzkiren bigarren taldearen aurka lehiatu dira. Lehena 4-1 galdu zuten eta bigarrena, berriz, 1-4 irabazi zuten. "Kopako neurketak genituen eta horiekin prestaketa fintzea espero genuen," azaldu du Eguzkiko prestatzaileak.

Herriko lehen taldeak igoera jokatu zuen 2021-2022 denboraldian eta balentria hori buruan duen arren, lehenik sailkapeneko buruko postuetan egoteko egingo du lan Lopezek: "Lehen postuetan sailkatzea da helburua. Horretarako jardunaldiz jardunaldi joango gara eta ikusiko da nora iristen garen".

Prestatzaileak onartu digunez, "ligan joko maila mantendu den arren, talde gogorrak eta esperientziadunak igo dira eta denboraldia ez da erraza izango".