Kirolarien 2022ko jarduna zein ibilbidea saritzeko parte hartze prozesua urrian hasiko da

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 27a, 15:45
Udal ordezkariak kirolari onenen hautaketa prozesuaren aurkezpenean.

Lasarte-Oriako Udalak herriko kirolarien jardun pertsonala edo ibilbidea saritzeko parte hartze prozesua martxan jarriko du. Agustin Valdivia alkateak, Txus Alonso Kirol batzordeburuak eta Nagore Duran Parte hartze saileko arduradunak aukeraketaren pausoak azaldu dituzte gaur eguerdian egindako agerraldian

2022 urteko kirolari onenak hautatzeko prozesua abian jarriko du Lasarte-Oriako Udalak urrian.

Nagore Duran Parte hartze batzordeburuak aipatu moduan, hil horretako 10etik 30era herritarrek zein kirol elkarteek proposamenak egiteko aukera izango dute. Baldintza batzuk kontuan izan beharko dira; kirolariak lasarteoriatarrak eta adinez nagusi izatea. 

Hurrengo egunetan etxeetan banatuko diren txarteletan zein udal webgunean eskuragarri izango den PDF artxibo moldagarrian kirolarien izena zehaztu eta udal eraikuntzetan dauden postontzietan edo helbide elektroniko bidez (partehartzea@lasarteoria.eus) bidali ahalko dira hautagaitzak.

Izendapenak jaso eta aztertu ostean, kirol elkarteek zein kirol batzordekideek euren bozkak emango dituzte eta 2022 urteko kirolari sarituak zeintzuk diren jakingo da.

Abenduaren 16an, 19:00etan, Manuel Lekuona Kultur Etxean egingo da Kirol Gala. Bertan herritar, senide eta kirol elkarteen berotasuna jasoko dute hautatuek. "Iaz oroigarri banaketaren formatua aldatu genuen eta Kirol Gala berezia egin genuen Manuel Lekuonan. Harrera ona izan zuen kirolari eta herritarren artean. Horregatik, bere horretan mantenduko dugu ekitaldia",azaldu du Valdiviak.

Banderak
Era berean, aukeraketa martxan dagoen bitartean, Kale Nagusian aurreko urteetako sarituen banderak ikusgai izango direla jakitera eman du Txus Alonso Kirol saileko zinegotziak. Horien artean, 2021 urteko sarituak Naroa Furundarena atleta, Alex Saleta errugbi jokalaria, Carlos Rodriguez arrantzalea eta Fran Puertas errugbi jokalari ohia egongo dira. "Era honetara, herrian kirolak duen garrantzia ikusarazi nahi dugu", adierazi du Alonsok.

Lasarte-Oriako udalak herritarrei eta kirol elkarteei prozesuan parte hartzeko gonbita egiten die.