ESKUALDEA

Urriaren 8an Donostiara joateko deialdia egin dute Sareren Buruntzaldeko taldeek

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 29a, 11:13
Buruntzaldeko taldeek agerraldia egin dute Urnietan. Argazkia: Lasarte-Oriako Sare.

Sare Herritarrak urriaren 8an amaituko du Izan Bidea dinamika: mobilizazio, ekitaldi eta jaialdi bana egingo ditu, Donostian. Buruntzaldeko eragileek agerraldia egin dute Urnietan, eta eskualdeko herritarrak gonbidatu dituzte nazio mailako ekintza horietan parte hartzera. Bestalde, Lasarte-Oriako Sarek gogorarazi du bihar egingo dutela ikasturte berriko lehen Azken Ostirala; 20:00etan elkartuko dira Elizatze plazan.

Etxera bidea gertu lelopean, Sarek "aurtengo mobilizazio eta jaialdi handienak" aurrera eramango ditu urriaren 8an, larunbatez, Donostian. "Adin guztientzat aproposa" izango dela zehazteaz gain, ekintzak bi helburu nagusi dituela azpimarratu du eragileak: "Batetik, leloak dioen moduan, herritarrok prest gaudela euskal presoen etxeratze prozesua gauzatzeko; eta bestetik, lortutakoari garrantzia kendu gabe, oraindik ere salbuespen politikarekin guztiz amaitzeko bidea egiteke dugula gogorarazi nahi dugu eta bide hori egiten jarraituko dugula erakutsi". Aldarrikapena eta festa batu nahi dituztela adierazi dute Sareko kideek, "urrunketaren aurka urte luzeetan elkartzen joan garen herritar oro elkartuz". Era horretara egingo dituzte Izan Bidea dinamikan erronka gisa jarritako 3.137.326 kilometroen azkenak.

Urriaren 8ko egitaraua

Aldarrikapen eta jai egunari 11:00etan emango diote hasiera, Donostiako Bulebarrean. Bertan elkartzen direnak lau zutabetan banatu eta Pio XIIra abiatuko dira, 12:00etan iristeko. Handik Illunbera joango dira ondoren: iritsitakoan, ekitaldi nagusia aurrera eramango dute eta jaialdia hasiko da ostean. Sare Herritarreko kideek zehaztu dute txosnak, bazkaltzeko zerbitzua, haurrentzako gunea eta kontzertuak izango direla: Belako, Rotten XIII, Su Ta Gar, Esne Beltza, Zea Mays, Liher, Doctor Deseo, Josu eta Gari (Hertzainak), Pirritx, Porrotx eta Marimotots...

Sarek ahalik eta jende gehien biltzea nahi du ekitaldi horretan, eta norabide horretan, Buruntzaldeko eragileek agerraldi bateratua egin dute Urnietan, eskualdean bizi diren herritarrak bertaratzera animatzeko. Horri lotuta, Lasarte-Oriako Sarek jakinarazi du bihar egingo dutela 2022-2023 ikasturteko lehen Azken Ostirala; 20:00etan elkartuko dira Elizatze plazan. Preso dauden herritarren egoeraren berri emateaz gain, urriaren 8ko hitzorduaz ere hitz egingo dute.