Intza Kirol Elkarteko kideek zorte ezberdina izan dute lehen jardunaldietan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 27a, 11:45

Intza Pilota Elkarteko kideek bere 75. urteurrena ospatzearekin batera, Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketari eman zioten hasiera irailaren 17an. Jubenil mailako bi bikote arituko dira lehian. Bi jardunaldi jokatu dituzte eta garaipen bakarra erdietsi dute

Aurten jubenil mailako bi bikote aurkeztu ditu bakarrik herriko taldeak; 1. mailan, Haritza Diaz de Gereñu eta Peru Urdanpilleta arituko dira eta 2. mailako bikotea Beñat Olazabalek eta Pedro Eloseguik osatzen dute. 

Gainera, bi bikoteek maila berriari egingo diote aurre; Intzako arduradun Jose Felix Solanok pilotariak mailara ongi moldatzea espero du. 

Txapelketako lehen jardunaldiak jokatu dituzte dagoeneko. Nahiz eta Intzako bikoteak ongi jardun zorte ezberdina izan dute euren norgehiagoketan.

Etxetik kanpo egin zituzten denboraldiko lehen pilotakadak herriko kirol elkarteko kideek. 

Oiartzunen Oiarpe izan zuten aurrez aurre 1. mailako jubenilek eta 22-6 galdu zuten 

Errenterian bestelako emaitza izan zen. Intzako 2. mailako pilotariek euren onena eman eta 14-22 nagusitu ziren.

Irailaren 24ko jardunaldian, berriz, Lasarte-Oriako bikoteek ez zuten zorterik izan Michelingo kirol guneko pilotalekuan; neurketak galdu zituzten.

2. mailako jubenilen partida izan zen arratsaldeko lehena. Ederki borrokatu zuten Intza zein Oiarpeko gazteek. Tamalez, Olazabalek eta Eloseguik aurkariek baino huts gehiago egin zituzten eta oiartzuarrek eraman zuten saria, 13-22.

Jarraian 1. mailako lehiaren txanda izan zen. Horretan, Zazpi Iturri izan zen nagusi. Diaz de Gereñuk eta Peru Urdanpilletak ezin izan zuten ezer egin Amezketako bikotearen erasoen aurka. 4-22 amaitu zen lehia.

Artetxe, Behar Zanan 
Bestalde, Gipuzkoako txapelketan izango da beste herritarrik. Jon Pello Artetxe seniorrak Behar Zana taldearekin bat egin du. 3. senior mailan arituko da lasarteoriatarra Otañorekin batera. Jardunaldi bakarra lehiatu eta garaipena erdietsi dute, 9-22.