EDUKI BABESTUA

Euskarari tokia egiteko lekua

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 26a, 12:00

Dena prest guraso eta haurrekin lanean hasteko

Lasarte-Oriako haurrak ahalik eta hiztun osatuenak izatea da GurasoLeku egitasmoaren helburu nagusia. Horretara bideratuta eta familia tipologia desberdinetara egokituta dauden hiru programa barnebiltzen ditu: GurasoLagun, GurasoTegi eta GurasoLandia. Lehenengoan, euskaraz mintzatzeko gaitasuna duen pertsona bat (bidelaguna) elkartzen da horretarako ohitura ez duen batekin (bidelaria), azken horrek mekanismoak har ditzan. Bigarrenean, euskara eskolak jasotzen dituzte gurasoek, eta oinarrizko gaitasunak landu. Azkenik, hirugarrenean, beste bi ataletako gurasoak elkartu eta aisialdiko ekimenak egiten dituzte haurrekin; euskaraz hitz eginez gozatu eta familiartean tarte atsegin bat igarotzea dira helburuak. Proiektua oso errotuta dago Lasarte-Orian honezkero, 2014-2015 ikasturtean jarri baitzuten martxan.

GurasoLeku koordinatzeaz herriko hainbat erakunde eta eragile arduratzen dira, saretuta, bakoitzak bere eremutik lan egiten duelarik. Hauek dira: Sasoeta-Zumaburu eskola, Landaberri ikastola, Burunzpe Guraso Elkartea, Landaberri Guraso Elkartea, Andre Joakina Enea haurreskola, Muntteri AEK euskaltegia, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordea eta Ttakun Kultur Elkartea.

Familien hizkuntza politikan eragiteko proiektu horren sustatzaileek GurasoLekuren hiru ataletako edozeinetan parte hartzera animatu dituzte familia lasarteoriatarrak, eta azpimarratu guraso orok duela tokia bertan. Lehen esan bezala, inskripzioak hilabete honetan zehar egingo dituzte; horretarako, eskuorriak banatu dituzte herriko ikastetxeetan, eta hilabete amaieran jasoko, urrian ekiteko GurasoLagun, GurasoTegi eta GurasoLandia programei. 

Ikasturte honetako programa: