Euskara eskolak hasi dituzte Udal Euskaltegiko ikasleek

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 26a, 13:19

Gaur goizean hasi dute 2022-2023 ikasturtea Udal Euskaltegian. Ia ehun ikasle ariko dira aurten, eta astelehenetik ostegunera izango dira eskolak. A1 mailatik C1 mailarainoko eskaintza egin dute aurten ere 

Euskara ikasteko gogoz agertu dira Udal Euskaltegiko ikasleak goizean. Gaur bertan ekin diote ikasturteari, ongietorri eta guzti.

Goizean, arratsaldean eta iluntzean izango dira eskolak, Aurrez aurre arituko dira batzuk, eta ikasketak sarean egingo dituzte beste hainbatek.  Dagoeneko martxan dira guztiak, baina oraindik, euskara ikasi nahi duenik bada,  izena emateko aukera baduela nabarmendu dute. Azpimarra berezia egin diote horri, izan ere, jakinarazi dute hainbat plaza libre daudela oraindik, hortaz, euskara ikasi nahi duten herritarrak inskripzioak egitera deitu dituzte.

Irakasleen aurkezpena ere egin diete ikasleei. 

Ongietorria eta esker ematea

Euskara batzordeburu Jon Antxordoki bertan izan da. Urtero bezala, ongietorria egin die ikasteei, eta eskerrak eman dizkie euskara ikasteko hautua egin eta horretarako Udal Euskaltegia aukeratu izanagatik. Aipatu ditu baita ere udalak euskara ikasteko eskaintzen dituen bekak.