Erritmo biziko urtetetze festa egin du Dinbi Bandak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 25a, 13:58

Ia topikoa da esaldia, baina hamar urte ez dira egunero betetzen; eta halako mugarrira iritsita, ospatzea ere garrantzitsua da. Kandelei hilabete gutxi barru putz egingo badiete ere, larunbata aukeratu dute Dinbi Bandako kideek ekitaldiak aurrera eramateko. Eta noski, musikak eta dantzak ez dute hutsik egin.

Egun batzuk dira Jalgi eta Avenida tabernetako hormetan zintzilik daudela Dinbi Bandaren atzera begirako argazki erakusketa. Atzo arte bertan gainbegiratu ahal izan dira hamar urteotako hamaika une eta batukadaren parte izan diren aurpegiak gogoratu. 

Larunbaterako prestatu duten ekitaldien aurrekaria besterik ez da izan. Okendo plazan aurrera eraman nahi zituzten, baina eurri iragarpena zela-eta Oriarte-Landaberrira lekualdatu zituzten. Bertan elkartu ziren goizean Itzi Kan-ek gidatutako ikastaroa egiteko. Edonori zabalik bazegoen ere, batukadako kideak izan ziren  Djole izeneko afrikar estiloko dantza ikastera animatu zirenak. Kan jarraituz zenbait ariketa burutu zituzten eta koreografia bat ere irakatsi zien. Gorputza esnatu eta beroketa egin zuten, beraz, ondoren egin zuten batupoteorako prestatu ziren.

Jolastokian ikusgai zeuden argazkien ondoan zituzten instrumentuak hartu eta Oriartetik Uistin kaleko El Punto tabernara joan ziren. Puxika berde eta horiz apainduta zeukaten aurrealdea eta batukadak egin zuen lehen atsedenaldian tarta bat oparitu zieten. Hura jan, zerbait edan, eta tarte batez jo zuten. Avenida tabernarantz joan aurretik, talde argazkia egin zuten tabernako arduradunekin. Euria ari zuenez, ibilbidea moldatu behar izan zuten eta Jalgin bukatu saioa. 

Instrumentuak gorde, eta Extremadura Etxeko kideek prestatutako bazkari goxoa dastatu zuten elkartearen egoitzan. Indarberrituta, arratsaldean, Oriearte-Landaberriko patiora bueltatu ziren Xilikonai eta The Noise Makers taldeen kontzertuez gozatzera. Lehen taldeak amaitu eta bigarrena hasi aurretik, talde argazkia egin zuten bertan zeuden Dinbi Bandako kideek musikariekin; eta ondoren, gogotik dantza egiten jarraitu zuten batzuek.

Erlazionatuak