Elektropottotte taldea: "Emakumeok plaza hartzea izan da lehentasuna"

Maddi Zaldua 2022ko ira. 23a, 09:37

Gehiegizko autoexijentziak eta  beldurrak alde batera utzi, eta edonork bezainbesteko gaitasun eta balioa dutela sinetsiz, plaza hartzea erabaki dute Elektropottotte taldeko kideek. Musikaren mundu "maskulinizatuan" dagokien lekua hartu nahian ari diren 11 emakumek osatzen dute taldea, eta Sorgin Jaietan irten ziren lehen aldiz jendaurrera. Orduz geroztik, Euskal Herriko txoko ezberdinetan jotzeko eskaintza ugari jaso dituzte, eta hortan ari dira, euskal herritarrak dantzarazten. Ez dira musikari guztiak lasarteoriatarrak, baina denen izenean, herrikoekin bildu da txintxarri, taldea nola sortu zuten eta ari direnaz hitz egiteko.  

Nola sortu da taldea? 
Pandemia aurretik pentsatuta genuen taldetxo bat sortzea. Herriko hainbat lagun eta ezagun elkartu ginen eta udalari entseatzeko espazioa ere eskatua genion, baina, bat-batean, koronabirusak hartu zuen gure egunerokoa, eta gure asmo eta gogoak bazter geratu ziren.  Osasun egoera hobetzen hasi zen arte ezin izan genuen ia ezer egin; horrek ekarri du taldea martxan jartzeko nahi baino denbora gehiago behar izatea. Oso frustragarria izan da; gogo izugarria genuen, baina aukerarik batere ez.

Pandemiaren egoera lasaitzen joan ahala eta murrizketak arinduta, bilera bat egin genuen. Bakoitzak bere asmo eta gogoen berri eman, eta martxan jartzea erabaki genuen. Helburu bat finkatuta amaitu genuen bilkura hura;  Sorgin Jaietan lehen emanaldia eskaintzea, eta hortik abiatu da gure ibilbidea. Taldea osatzeko behar genituen kideak topatu eta emanaldira begirako entseguekin jarri ginen buru-belarri. Helburua finkatu aurretik batzen ginen elkarrekin jotzeko, baina aisia gisa bizitzen genuen.

Aprobetxatu nahi dugu azpimarratzeko gure proiektua ezinezko zatekeela herritarren laguntzarik gabe; baliabide gutxi genituen hasieran, eta hainbat instrumentu eta azpiegitura utzi dizkigute. Oso eskertuta gaude, ezingo genukeen hala izan ez balitz.

Taldekide guztiak emakumeak zarete eta hori ez da kasualitatea. Garrantzia eman diozue emakumeak oholtza hartzeari
Sorgin Jaietako antolakuntzan ari gara taldekide asko eta hori hausnartuz aritu gara denbora luzez. Errealitateari begira jarri garenean, konturatu gara ez dagoela emakume hutsez osatutako musika talderik gure herrian eta hori lehen lerrora ekartzea erabaki genuen, emakumeok plaza hartzea izan da lehentasuna.

Musika eskoletako ikasle gehienak emakumezkoak izaten garen arren, gero oholtzarako saltoa ematen duten gehienak gizonezkoak dira. Formakuntza duen emakume ugari dago, baina gero, ez ditu behar dituen baliabideak aurkitzen agertokira saltoa emateko. Oso maskulinizatua dagoen mundu bat da.  Horregatik, uste dugu garrantzitsua dela emakumeak plazak hartzea. Horrek eragingo baitu, besteak beste erreferente emakumezkoak sortzea… Aurrerapausorik ematen ez bada, betikoan geundeke.

Ekain amaierako lehen emanalditik etorri dira gehiago.  
Sorgin Jaietako kontzertua izan zen hasierako helburu bakarra, eta ez genuen sekula imajinatuko lehen kontzertu hark atzetik etorri  dena ekarriko zuenik.

Harrera ederra izan duzue beraz. 
Bai. Lasarte-Oriako emanaldia eta gero sare sozialak martxan jarri genituen, eta orduz geroztik etengabe jasotzen ditugu han eta hemen jotzeko eskatzen diguten mezuak. Harrituta gaude gu ere.

Uste dugu taldekide guztiak emakume izateak ere eragiten duela horretan, kontratazioetarako baldintza gisa hasi baitira hori ere zehazten, baina inondik inora ez genuen etorri den olatua espero. Hainbat momentutan hori kudeatzea ere zaila izan da. Bilera bat egin genuen egoera nola bideratuko genuen eta zer egin erabakitzeko; indarrak neurtuz, baina etortzen zenari eutsiko geniola adostu genuen.

Taldeak herrian harrera ona izatea espero genuen. Senideen, lagunen eta herritarren artean ari baikara, baina, adibidez, hilabete honetan Lezon eman dugun kontzertuan jendearen erantzuna ikusita, sentitzen dugu, herritik kanpo ere jendeak gustuko duela egiten duguna.

Olatu hori kudeatzea hainbat momentutan zaila izan dela diozue, baina ari zareten horretan jarraitzeko bultzada ere emango du, ezta? 
Inolako zalantzarik gabe. Motibagarria da, datozen kontzertuetan aritzeko gogoa handitu egiten da, eta polita da hori.

 

 

"Ez genuen inolaz imajinatuko lehen emanaldia eta gero olatu hau etorriko zenik "

 

Aritu zarete, besteak beste Bernedon, Lezon eta Usurbilen. Non izango dira datozen kontzertuak?
Hilaren 30ean Andoainera joango gara, Euskaraldiaren aurkezpenera, eta urriaren 1ean, berriz ere Lezon joko dugu. 7an, berriz,  Xoxokako (Urnieta) festetan arituko gara.   Euskararen Maratoialdian ere eskainiko dugu emanaldia, eta 29 eta 31n, Errenterian eta Astigarragan izango gara. Azaroaren 5ean, aldiz, Lazkaon joko dugu. Horiez gain, eskaintza gehiago ere izan ditugu, baina taldekideon lanak eta bestelako konpromisoak medio, ezezkoa eman behar izan dugu. Garbi dugu ez garela honetaz biziko, eta hori argi dugunez, presio handirik gabe ari gara. Gogoa dugulako joko ditugu kontzertuak, edonolako presiorik gabe.

Talde gisa nola antolatzen zarete? 
Sorgin Jaietako emanaldia prestatzeko gutxienez astean behin entseatu genuen Gaztelekuko lokaletan, baina uda iritsi zen gero. Eskaintza dezente jaso genituen uztail eta abuzturako, baina taldekide bakoitzak gure uda antolatuta  genuenez, erabaki genuen irailera arte ez genuela kontzerturik emango. Etenaldi hori baliatu dugu entseatzen segi eta errepertorioa osatzeko. Lehen emanaldian, 45 minutuko kontzertua eskaini genuen, eta, orain, ordu eta erdiz  aritzen gara.

Instrumentu motaren araberako entseguak ere egiten ditugu tarteka, eta orain, udako oporraldia amaituta, martxa hartzen ari gara. Entseatzeko lokal berri baten bila ere ari gara.  

Orain arte Gaztelekuko lokaletan aritu zarete, baina lokal berri baten bila ari zaretela diozue. 
Orain arte entseguak bertan egin ditugun arren, ez dugu nahikoa espazio taldekide guztiak elkarrekin aritzeko; horregatik, Andoaingo gaztetxera joan behar izaten dugu askotan. Ikasturte hasierarekin batera egin behar da eskera hori udalean eta hala egingo dugu, nahiz eta jakitun garen herri honek gai horrekin duen arazoaz.

Talde ezagun askoren abestiak jotzen dituzue, eta abesti horien arteko nahasketak ere egiten dituzue, ezta?
Bai, nahasketa horiei Mashup deitzen zaie. Sortutako abestiekin egindako nahasketak dira. Tonalitate edo akorde progresio berdin edo antzekoak dituzten kantuen zatiak hartu eta elkartu egiten ditugu. Musika taldeen arabera sortu ohi ditugu mashupa horiek; adibidez, hartzen ditugu LOVG La Oreja de Van Gogh-en bizpahiru abestiren zatiak, elkartu eta horrela sortzen dugu gure emanaldirako pieza oso bat. Kantu osoak jotzen ditugu gehien, baina momentuka Mashup-ak tartekatzen ditugu.

Lan handia da 'Mashup' bat sortzea? 
Bai, lana da. Tonu eta akordeak pentsatu behar dira, aukeratutako abestiak horietara moldatu, kanta zati batetik bestera zein lotura egin zehaztu, eta abar. Maider  Rekondo eta Amane Mei Otaegi lehenagotik elkartzen zirenez, lantxo horietako batzuk aurreratuta zituzten eta horrek erraztu du egin beharrekoa.  Oso gustuko ditugu eta jendeari ere asko gustatzen zaizkio, harritu ere egiten dira kantak elkarren artean lotzeko erabiltzen ditugun abestiekin.

 

"Gustuko ditugun abestiak eta horien arteko nahasketak jotzen ditugu emanaldietan"

 

Zein publiko erakartzen duzue? 
Emakumezkoa da hein handi batean. Lezon, adibidez, emakumeak ziren ia denak, adierazgarri izan da hori. Uste dugu sortzen dugun giroarekin lortzen dugula emakumeok eroso sentitzea eta denek elkarrekin gozatzea. Horrek ez du esan nahi gizonezkoak ez daudenik gure emanaldietan.

Eta zein abesti dantza ditzakete zuekin?
Ohiko abestietatik kanpo, oso errepertorio ezberdina eskaintzen dugula uste dugu. Adibidez, jotzen dugu Rigoberta Bandiniren Perra eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin jarraitzen dugu gero; pentsa ze aldaketa. Las Ginebrasen Con altura ere jotzen dugu, eta, bat batean LOVG taldearekin sartzen gara. 
Gure gustuko abestiekin osatzen dugu errepertorioa. Introa [emanaldiari hasiera emateko musika pieza] ere oso esanguratsua da; Anje Duhalderen Eperrak-ekin hasi, eta Beyonceren Crazy in Love-rekin lotzen dugu. Horrela hasten dugu gure emanaldia. Originaltasuna badugu, eta saiatzen gara emakume musikarien abestiak jotzen.

Taldea handitu da zertxobait sorreratik hona, ezta?
Bai, zazpi kide hasi ginen, eta, orain, 11 gara; horietatik sei lasarteoriatarrak: Amane Mei, gitarra jotzailea; Jone Arroyo, tronpeta jotzailea; Maitane Rebe, saxofoi jotzailea; Irati Hernandez, kaxa jotzailea; eta Izar Agirretxe, dunbal jotzailea. Maider Rekondo taldekidea ere lasarteoriatarra da, baina ikasketak atzerrian egiten ari denez, momentuz ezin izango du gurekin aritu. Gurekin batera ari dira baita ere Ane Etxeandia, Itxaso Sanchez, Nagore Huizi, Maddi Cenzano eta Maria Mariezkurrena. Taldea irekia da, eta gurekin aritu nahi duen inor bada, etor dadila lasai. Bakoitzak bere erritmora parte har dezake. Gurekin abesti bat jotzera animatzen den inor bada, ongietorria izango da edo soilik entseatzera etorri nahi duena ere bai. 
Bide batez, elkarrizketa hau baliatu nahi dugu tronboia jotzen duen emakume baten bila ari garela jakinarazteko.

Izena lehen kontzerturako erabaki zenuten. Nondik dator Pottotte?
Buelta eta buelta ibili gara izena erabakitzeko. Taldetxoa sortzeko lehen pausuak ematen hasi ginenean, WhatsApp talde bat sortu genuen eta ElektroX izena jarri genion ixa horren lekuan zer jarri ez genekielako. Trago bat hartuz izena erabakitzeko saiakerak ere egin genituen, baina ez genuen ezer garbirik atera hortik. Sare sozialetan ere eskatu genuen laguntza, baina ez zuen arrakasta handirik izan.

Konfinamendu garaian, Palmondo irratian entzundako esaldi batetik dator. Sendabelarren atal bat izaten zen, eta ukendua nola egin azaldu zuten irratsaio batean. Hortaz hizketan ari zirela, ukendua “pototan sartu” esan zuten. Izar eta bere lagunek esaldi horrekin zerbait sortu nahi zuten, eta hortik etorri da izena. Potota beharrean, Pottotte erabiltzea ikusi dugu hobe.

Soinean arropa eta osagarri dotoreak jantzita irteten zarete agertokira.
[Barre egin dute erantzuten hasi aurretik]. Kalean, egunerokoan janzten ez ditugunak soinean jartzeko aukera ematen digu elektrotxarangak; kide bakoitzak nahi duena janzteko askatasun osoa du. Aspaldiko txandalak, arropa zaharrak, txapelak…Garbi genuen, adibidez, betaurrekoak erabiliko genituela. Jendaurrera ateratzeak sortzen duen ikara uneak arintzeko lagungarri dira.

Nola begiratzen diozue etorkizunari? 
Momentuz, eskuartean dauzkagun kontzertuekin ariko gara buru-belarri, eta etor daitezkeenen zain. Eskaintzak jaso ahala eta gure disponibilitatea kontuan hartuta joango gara erabakitzen zeintzuetan parte har dezakegun eta zeintzuk baztertu.

Taldekide bakoitzaren herri edo hirian ere eman nahiko genuke konzterturik. Lasarteoriatarrak gara asko, baina badaude beste hainbat herri eta hiritako kideak ere, eta guri Lasarte-Orian jotzeak ilusioa egin zigun bezala, beraiek ere izan dezaten bizipen hori.

Kontzertuak emateko entseatzen dugu; hori da gure motibazioa. Hain azkar gertatu da dena, pentsatzeko ere tarterik ez dugula izan. Garbi dugu ez garela hontaz biziko, eta hori hala izanik, presio handiegirik gabe ari gara. Egiten dugunarekin gozatzen jarraitu nahi dugunez, etorriko denaren zain geratzen gara.