Ostadarreko taldeek emaitza ezberdinak izan zituzten Ligako lehen neurketan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 22a, 13:45
Ostadar SKTko jokalaria aurkaritik ihesi egin nahian. Arg.: Txema Valles.

Michelin Kirol guneko futbol zelaian baloia biraka hasi da berriz ere. 2022-2023 denboraldia hasi da eta lehen jardunaldiko hainbat partidaz gozatzeko aukera izan zen hilaren 17an

Ostadar SKTko taldeak izan dira ligako lehian murgiltzen lehenak eta horietako biren neurketak herriko futbol zelaian izan ziren, Ohorezko Erregional mailakoa eta ohorezko jubenil taldearena. 

Ohorezko Erregional Mailako  norgehiagoka izan zen Michelin kirol guneko udako izotzaldia urtzen lehena. Zumaiako FT izan zuen aurrez aurre talde urdin-beltzak goizean.

Partida zaila izan zen Leire Gartziak zuzentzen dituen jokalarientzat. Nahiz eta ahalegindu, Zumaiakok aukerak zapuztu zizkion etxeko taldeari.

Tamalez aurkariak ederki baliatu zituen bere arrisku egoerak eta 0-6 nagusitu zen.

Arratsaldean, berriz, bestelako egoera izan zen. Ohorezko Jubenil taldeak San Marcial taldearen aurka jokatu zuen eta garaipena erdietsi zuen, 2-1. 

Etxetik kanpo jokatutako norgehiagoketan Ostadarreko taldeek ere zorte ezberdina izan zuten. 

Gorengo Mailako Erregionalak puntu bat ekarri zuen Andoainetik. Euskaldunaren aurka neurtu zituen indarrak eta bana berdindu zuten.

Eta Ohorezko Kadete Mailako taldeak gutxigatik galdu zuen Kostkasen aurkako partida, 2-1. 

Hurrengo jardunaldia

Lau talde horiek bigarren jardunaldiari egingo diote aurre, hilaren 24an eta 25ean. Alabaina, Ostadar zein Texas Lasartearra elkarteetako gainerako taldeek denboraldiari hasiera emango diote, Texas Lasartearrako I. jubenilak izan ezik. Iker Moreno eta Gustavo Balantaren taldeak atseden du.

Neurketen artean, nabarmentzekoa da Erregional 1. Mailako Texas Lasartearra-Ostadar derbia. Partida berezia izango da zuri-urdinentzat. Erregional mailari uko egin zioten duela bost urte. Orain, jubeniletatik igo den taldea oinarri, maila berrian jokatzeko gogotsu dago elkartea.