Herritarrek izena eman dezakete jantzi tradizionalen ikastaroan zein Plaza Dantzan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 22a, 12:50

Lasarte-Oriako Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak jantzi tradizionalak josten ikasteko tailerra eta Plaza Dantza egitasmoa martxan jarriko dituzte aurten ere, lasarteoriatarrek batean edo bestean (edo bietan) trebatzeko aukera izan dezaten.

Jantzi tradizionalei buruzko bi ikastaro emango ditu Ione Artolak, azken urteetan bezala, Emakumeen Zentroan. Urriaren 11n hasiko da lehenengoa, asteartez, eta ostegunean bigarrena. Saioak 15:30etik 17:30era izango dira, abendu erdialdera arte. Izena eman nahi dutenek Ttakun KEren Kultura sailarekin jarri beharko dute harremanetan, kultura@ttakun.eus helbide elektronikora idatzi edo 695 78 53 89 telefonora deituta. Plazak mugatuak dira. Prezioak, hauek: Ttakuneko bazkide direnek 22 euro ordaindu beharko dituzte, eta ez direnek, 25.

Bestalde, urriaren 4an jarriko da martxan Plaza Dantza asteartez, Sasoeta ikastetxeko gimnasioan. Entseguak astearte eta ostegunetan egingo dituzte, 20:00etatik aurrera. Koreografiak ikasi, gogoratu edo hobetzeko gogoa duen edonor bertaratu daiteke saioetara. Hilero-hilero, laugarren igandean, muxikoak egingo dituzte Okendo plazan. Inskribitzeagatik ez da dirurik ordaindu behar. Izena eman nahi dutenek ere Ttakun KEren Kultura sailarengana jo beharko dute, lehen aipatutako bideen bitartez. 

https://txintxarri.tok-md.com/argazkiak/fix/cache/4086_1580050082_tokikom_700x700.jfif