Udako itsas zeharkaldietan lehian izan dira herritarrak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 22a, 13:00
Port d'Albret lakuan jokatutako probako irteera. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Igeriketa Zeharkaldi denboraldia amaitu da. Ekainetik irailera, itsaso zein lakuetan ibili dira igeri herriko taldeetako kide zein herritarrak nor baino nor. Proba batzuetan lehen postuetan izan dira, gainera. Buruntzaldea IKTko Itsaso Tolosa, esate baterako, Irlako Igeriketa Zeharkaldian podiumeko hirugarren mailara igo zen

Lehiatu den azken proba ordea, VIII. Flysch Beltza izan da, hilaren 17an. Herritarrik ez zen irteera puntuetan izan, baina Buruntzaldea IKTko bi ordezkarik parte hartu zuten proba motzean: Igor Amantegi eta Manu Santos.

Mutriku eta Deba arteko 3.000 metroko igerialdia egin zuten parte-hartzaileek. Amantegik 55  minutu eta 51 segundo behar izan zituen helmugara iristeko eta sailkapen orokorrean hogeigarren eta Master+ mailako bosgarren izan zen. Santosek, aldiz, ordu bat 19 minutu eta 28 segundo egin zituen helmugan 89. postua eskuratuz.

Astebete lehenago ere , hilaren 10ean, Donostian izan zen lehia, Kontxa Badiako Igerialdia. 

Buruntzaldea IKTko Igor Amantegi eta Manu Santosekin batera Asier Gorostegi talde kide eta herritarrak hartu zuen parte. Infantilen zeharkaldian ere, igeriketa taldeko ordezkaririk  izan zen: Iñaki Garcia eta Mario Amantegi. 

Gaztetxoek 740 metroko ibilbidea burutu behar izan zuten Nautiko inguruan. Mariok zazpi minutu eta 23 segundo behar izan zituen proba egiteko eta 17. postua eskuratu zuen. Garciak, berriz, zortzi minutu eginez, 39. iritsi zen. 

Absolutu mailako igerilariek 2.220 metroko bidea osatu zuten badia osoan zehar igerian eta Igor izan zen taldeko azkarrena, 35.05 denborarekin; ondoren Gorostegi iritsi zen distantzia hori 38 minutu eta 54 segundoan amaituz eta jarraian Santos izan zen, 42.16 eginda.

Lehen postuetan

Abuztuan zehar ere izan dira hitzorduak eta herritarrek ez dute huts egin. 

Hil horretako 14an Buruntzaldea IKTko Mario Amantegik estreinakoz egin zuen zeharkaldi bat. Vieux-Boucau-les-Bains (Frantzian) herriko Port d'Albret lakuan antolatutako 600 metrotako proba egin zuen Amantegik.

Igeriketa taldeko arduradunek jakitera eman dutenez, "hasiera batean bere burua egoera berri baten aurrean ikusi bazuen ere, beldurrak alde batera utzi eta oso gustura geratu zen egindakoarekin".

Buruntzaldea IKTko Igor Amantegi eta Itsaso Tolosa, Irlako zeharkaldiaren ostean. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Hurrengo egunean, berriz, Donostian Paseo Berriko Igerialdia jokatu zen. Itsaso zakarrari eta olatu handiei aurre egin zieten igerilariek. 

Oscar Gil eta Garikoitz Lopetegi herritarrak zein Buruntzaldea IKT Igor Amantegi eta Itsaso Tolosa bertan izan ziren parte hartzen. Zurriola hondartzan hasi eta Paseo Berrian zehar Kontxako hondartzara arteko 2.959 metroko distantzia osatu zuten guztiek. 

Tolosak 49 minutu behar izan zituen emakumezkoen artean sailkapen orokorreko bosgarren postua lortu zuen eta senior mailako laugarrena. Lopetegik (50.02) master mailako bosgarren postuan amaitu zuen lasterketa. Amantegik, berriz, 52 minutu eta 45 segundo egin zituen helmugan eta Gilek 01.04.01 behar izan zuen ibilbidea egiteko.

Hilabetea bukatzeko, hil horren 28an, Buruntzaldea IKTko bi kideak, Amantegi eta Tolosa,  berriro ere elkarrekin izan ziren, Irlako Igeriketa Zeharkaldian. Oraingoan June Apalategi herritarra ere bertan izan zen lehiatzen.

Santa Klara uharteari 3.000 metroko ibilbidearekin bira emanez. Tolosak podiumera igotzea lortu zuen; 44.41 denborarekin, emakumezko mailako hirugarren izan zen. Apalategik bere mailako zazpigarren postuan amaitu zuen proba, 48.36 eginez. Amantegik, berriz, 50.45eko marka egin zuen, 76. postua eskuratuz.

Entrenamenduak eta irteera

Itsasoko denboraldia amaituta, Buruntzaldea IKTko igeriketa eskolarra, federatua eta lehiaketa gabeko parte-hartze igeriketa mailako kideak hilaren 19an hasi ziren igerilekuan lanean.

Hala ere, hilaren 5ean, 6an eta 7an igeriketa taldeko entrenatzaile eta hainbat partaidek Zuhatzan eman zioten hasiera ikasturteari. Hernaniko beste igerilari batzuekin batera partekatu zituzten hiru egun. Harremanak sendotzeko egonaldia izan zen. Hainbat kirolez – arrauna, windsurf, beisbola edo eskalada–gozatzeaz gain,taldean elkarlanean jarduten ere ikasi zuten.

Bestalde, master mailako urriaren 3an hasiko dituzte saioak. Astelehen, asteazken eta ostiralean 7:10ean eta 16:10ean  entrenatu ahalko dute. Maila horretan izena emateko aukera ireki du Buruntzaldea IKTk bere webgunean.