Aitor Manso Jaizkibelgo igoerako podiumean izan da

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 21a, 15:47
Aitor Manso (eskubian), Jaizkibelgo igoerako podiumean. Arg.: A. Manso.

Jaizkibelgo igoeraren 44. edizioa lehiatu zen, hilaren 17an. Eserleku bakarreko zein turismo mailako 69 ibilgailu izan ziren proban eta horietatik lau herritarrak ziren: Aitor Manso, Alejandro Lopez, Pablo Muga eta Mikel Kortajarena. Maila ezberdinetan lehen postuetan izan dira

Jaizkibelgo igoerako parte-hartzaileek 5.466 metroko ibilbidean bi entrenamendu saio eta bi lasterketa kronometratu egin zituzten. Joseba Iraola bizkaitarra izan zen guztien artean azkarrena eta Norma NP01 ibilgailuan 2.19,101 denbora eginez, 2018 urtean berak ezarritako errekorra hautsi zuen. Bigarren izan zen Ekaitz Ordoki Norma M20Fc bat gidatzen (2.36,464) eta podiuma ixten Aitor Manso herritarra izan zen. 

BRC B49 ibilgailuarekin eserleku bakarreko mailan lehiatu zen Lasarte-Oriako gidari gaztea. Eta sailkapen orokorreko sariaz gain, 8. mailako garaipena ere lortu zuen. 

Manso pozarren dago egindako lanarekin. Igoeraz igoera denbora hobetzen joan zen eta azkenekoan, 2.39,235 denbora egitean 8.mailako errekorretik gertu izan zela jakitera eman digu: "Lau lasterketak oso ondo joan ziren. Azkenekoan, 8. mailako errekorra hausteko puntuan izan nintzen. Segundo eta erdira geratu nintzen".

Iraolaren eta Ordokiren Norma ibilgailuen potentziaren jakitun, garaipena zail zegoela onartu du: "Alde handia dago ibilgailu horien eta nirearen artean. Zaila da horiei gainditzea".

Lehen postuetan

Alejandro Lopez, Pablo Muga eta Mikel Kortajarena herritarrek, berriz, turismoen lehiaketan parte hartu zuten. 

Lopezek BMW 316arekin seigarren denborarik onena egin zuen (2.59,893) eta 3. mailan bigarren sailkatu zen. 

Mugak, berriz, Peugeot 306a gidatzen 3.17,852 denbora egin eta 7. mailako laugarren izan zen.

Azkenik, Kortajarenak entrenamenduen bigarren saioan Citroën Saxo VTSaren bolante motorra hautsi eta ezin izan zuen lasterketa kronometratuetan lehiatu. 

Txapelketa amaiera
Hilaren 7an Jaizkibelgo proba Euskadiko Mendiko Igoeren Txapelketako azkena zela argitaratu bagenuen ere, okerreko informazioa eskaini genuen. Azkena Urrakiko igoera izango da, urriaren 22-23an.

Bertan erabakiko da denboraldi honetako txapelduna. Oraingoz, sailkapeneko orokorreko buru da Manso, baita 8. mailan ere. Tamalez, herritarrak zail ikusten du orokorreko lehen postua mantendu ahal izatea: "Iraola eta nire artean 50 puntuko aldea dago. Ni buru nago bera Opakuan aurkeztu ez zelako. Urrakin Iraolak proba ez amaitzea da txapela janzteko dudan aukera bakarra".

Bien bitartean, urriaren 8an, Nafarroako txapelketako Urbasako igoera proban parte hartuko duela aurreratu digu Mansok.

Kortajarena anaiak ere hurrengo asteetan bi hitzordu izango dituzte. Urriaren 1ean eta 2an, Ekaitz gidari eta Mikel laguntzaile lanetan Los Arcosen izango dira Nafarroako txapelketako lurreko rally proban parte hartzen. Urriaren 7an eta 8an, berriz, Gernikako rallyan izango da Mikel gidari bezala.