Real Sociedad taldeak ederki egin die aurre hitzordu garrantzitsuei

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 21a, 12:30
Real Sociedad taldeko kideak, Iraia Iparragirre herritarra barne, ikusleei eskerrak ematen. Arg.: Real Sociedad.

Real Sociedad taldeak hitzordu garrantzitsuak izan ditu aurreko egunetan, Ligako lehen partida eta Txapeldunen Ligako kanporaketa. Batean kale eta bestean bale egin arren, bietan ederki jardun dira. Iraia Iparragirre herritarrak aulkitik ikusi zituen bi partidak

Ligan lehen jardunaldian epaileen grebarengatik jokatu ez izanaren arantza kendu zuen Natalia Arroyok zuzentzen duen taldeak eta lehiaketari hasiera ederra eman zion hilaren 17an Villareal CF 2-0 garaituz.

Neurketa berdindua hasi arren, seigarren minutuan lehen gola egin eta talde txuri-urdina jokoaz nagusitu zen. Bigarren zatian ere, Reala jabe izan zen eta korner batean lortu zuen saria. Aldea handitzeko aukera gehiago ere izan zituen, baina ez zen posible izan.

Atzo, hilaren 20an, berriz, Europako Txapeldunen Ligako kanporaketako joaneko neurketa jokatu zuen Bayern Munichen aurka. Une historikoa zen eta 11.479 zaletu bildu ziren Reala Arena zelaian taldea animatzera.

Realari partidan sartzea kosta zitzaion. Minutuak aurrera joan ahala zelaian kokatu eta bi taldeek aukerak sortu zituzten. Atsedenaldia baino lehen, tamalez alemaniarrek gola egin zuten. Bigarren zatian minutuak falta izan zitzaizkion talde txuri-urdinari. Ederki egin zion aurre Bayerni eta partida amaitzeko zegoela, aukera garbi bat ere izan zituen berdinketa lortzeko baina baloiak ez zuen sartu nahi.

Aurkako emaitza izan arren, oraindik ez dago ezer erabakia. Munichen bigarren norgehiagoka jokatuko dute hilaren 29an eta ezustekoa emateko gai direla erakutsi zuten txuri-urdinek Donostian.