Ostadar Saskibaloiko taldeek garaipenarekin hasi dute denboraldia

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 21a, 11:35
Junior Errendimendu taldearen partida baten artxiboko argazkia.

Ederki hasi dute denboraldia Ostadar SKTko saskibaloi taldeko ordezkariek. Junior zein Errendimendu Zilar mailako taldeek Aloña Mendi eta Goizpe Group BKL garaitu dituzte

Junior Errendimendu Zilar taldeko kideek etxean 36-32 irabazi zioten Aloña Mendiri etxean, Michelin Kirol gunean jokatu zen partidan. Liga berri eta ezezaguna du aurretik Junior Errendimendu Zilar taldeak. Aurten sortu den kategoria da eta ez dakite zein mailako talderekin aurkituko diren aurrez aurre.

Lehen neurketan, Aloña Mendi izan zuen aurkari. Indarrak pareko hasi zituzten bi taldeek. Laurdena aurre joan ahala ordea, talde urdin-beltzeko kideak garaipena erdiesteko aukera zutela ikusi zuten. Lehen laurdena 13-8 amaitu zuten eta bigarrena eta hirugarrena borrokatuagoa izan ziren (12-12 eta 9-8). Azkenekoan, berriz, ez zen nabarmentzeko askorik izan 2-4ko partziala egin zuten. 

Andoni Alduncin entrenatzailea pozarren agertu da lehen garaipenarengatik. "Lasaitasunarekin hasi ginen jolasten eta hirugarren minututik aurrera, markagailuan aurrean egon ginen partida osoa," adierazi du juniorren prestatzaileak.Momentu garrantzitsuetan jokalariak ezkutatu ez zirela eta defentsan gaizki ibili ez zirela ere nabarmendu du. 

Hala ere, jokoa hobetzeko lan egin behar dutenaren jakitun da: "Oraindik jokoa ez da ikusgarria. Jokaldiak, intentsitatea, fisikoa...asko hobetu beharra dugu". Horregatik, hilaren 24an, Antigua Luberri taldearen aurka duten partida prestatzeko gogor lan egingo dutela onartu du.

Kadetea ere nagusi

Kadete Errendimendu Zilar mailako taldeak ere garaipena lortu zuen Bergaran. 

Jonatan Reinok zuzentzen duen taldea nagusi izan zen lehen laurdenetik (4-16).Goizper Group BKLko taldeak ahaleginak egin zituen eta bigarren zein hirugarren laurdenak berdinduagoak izan ziren (13-14 eta 12-16). Azken partzialean, berriz, ezinezkoa egin zitzaion aurkariari erritmoa mantentzea eta 6-14 galdu zuen.