Hiru mende laurden pilotari emanak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 18a, 16:49

Intza Kirol Elkarteak 75. urte bete ditu 2022an. Bide luze eta oparoa izan da, 1947 urtetik hona urratutakoa. Halako urteurrenek badute berezitasun puntu bat eta gogotsu ospatu dute kideek orain arte egindakoa. Ostiraletik igandera aurrera eraman dituzte jarduerak, nola ez, pilota protagonista nagusi izanda.

Ostiral arratsaldean Sagardotegi kaleko egoitzan egin zuten lehen hitzordua, pilotari buruz solasteko. Mahaiaren bueltan, Jokin Errasti, Mikel Unanue, Aniceto Lazkano eta Juan Mari Arteaga pilotari ohiak eseri ziren Asier Arteagarekin batera. Solasaldia gidatzeko ardura, berriz, Josetxo Lizartzak izan zuen. Haiek hasi ziren pilotaren egungo era nola ikusten duten azaltzen, baina aukera eman zieten bertaratu ziren dozena bat lagunei ere galderak egin edo iritzia emateko. Izan ere, Lizartzak aitortu bezala, maiz hitz egin dute elkarren artean gai horri buruz eta ondo dakite besteak zer pentsatzen duen, beraz, ikuspuntu berriak entzutea aberasgarria izan zen.

Larunbat eguerdian danbor hotsek hartu zuten egoitza aurrealdea. Izan ere, bertatik abiatu zen ATLO elkarteko danborrada. Erdiguneko kaleetan barrena ibili ziren eta bi geldialdi egin. Lehena, Elizatzen egin zuten. Bertas, hiru bat pieza jo zituzten, eta handik, Kale Nagusiko 8 zenbakirantz joan ziren. Han, martxak jotzeaz gain, atseden hartu, argazkiak egin eta freskatzeko aukera izan zuten. Handik Pablo Mutiozabal kaletik kultur etxeraino bidea egin zuten, Geltoki kaletik abiapuntura bueltatzeko. 

Ordu batzuk geroxeago, leku beretik irten ziren buruhandiak eta erraldoiak. Beroketa ariketa gisa, haur batzuek lasterketak egin zituzten ibilbidea abiatu aurretik, buruhandiren bati ihesi. Txikitilariek lagunduta, Loidibarren frontoira joan ziren herritar talde batek lagunduta. Haietako asko gelditu ziren Intza KEko pilota eskolako pilotariak jokatzen ikusteko. Hasi berri direnek jolasetan parte hartu zuten; denbora gehixeago daramatenek berriz, binaka jokatu zituzten hiru partida. Igandean, berriz, senior eta eliteko partida bana jokatu dute. 

Hala ere, horien aurretik hasi dituzte eguneko ospakizunak. 09:30ean ekin diote txistulariek dianari eta seikotea herrian barrena ibili da doinu alaiekin herritarrak esnatzen eta kaleak girotzen. Leiho eta balkoietatik entzuten edota kalean zeudenetako batzuen txaloak jaso dituzte bidean, 11:00etan Ama Brigitarren komentu aurretik pasatu dira, herri mezara bidean zeuden azkenekin gurutzatu dira.

Eta edozein ospakizunetan huts egin ezin duen zerbait bada, hori, janaria da. Elkarteko bazkideek eta gonbidatuek –Agustin Valdivia alkatea eta Txus Alonso kirol zinegotzia, kasu– Txusk Aiestaranek eta Txemi Zulaikak prestatutako menua dastatzeko aukera izan dute: Arrain budina, perretxiko hostopila, itsaski krema, errazio erdi bana bakailao gratinatu eta masaila patata purearekin, eta amaitzeko, Intza kopa.