Erdi Aroko giroz betetako asteburua

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 18a, 10:00

Zenbait mende atzera egin eta eskulangileen ogibideek duten balioaz jabetzeko aukera berri bat dute ostiraletik lasarteoriatarrek. Horretarako erdigunera bertaratu besterik ez dute. Izan ere, askotariko salmenta postuek, erakusketek, lanean ari diren artisauek, jolasek eta ikuskizun bereziek hartu dute inguru hori. Gaueko 21:00ak arte aukera dago VI. Xacobeo azokaz gozatzeko.

Ohiko kokalekura bueltatu da azoka, pandemiak eragindako gorabeheren ondoren. Kale Nagusia ez dute itxi, eta salmenta postuak, jolasak edo erakustaldiak Okendotik abiatzen den ibilbide zirkular bat osatuz jarrita daude, Askatasun parkea, ibai ertza eta Brigitarren plaza ingurua hartuta. 

Ibilbidea osatzen lehenak, Agustin Valdivia alkatea, Lourdes Acevedo alkateordea, David Mateos, Maite Iglesias, Txus Alonso, Nuria Fernandez eta Nagore Duran zinegotziak izan ziren ostiral arratsaldean. Haien aurretik, bidea erakusten, pertsonaia bereziek osatutako kale jira joan zen, aurrez, erakustaldi laburra egin zuena Okendon. Udal ordezkarien atzetik herritar ugari etorri da hiru egunotan.

Xaboiak, jakiak, mineralak, ehunak, bitxiak... erosteko aukera zabalaz gain, bestelakoak ere badira bidean. Askatasuna parkean haurrentzako zenbait jolas daude baita Elkanoren mundu birari buruzko ikus-entzunezko bat eta zenbait azalpen afixa ere. Horren ondoan, Erdi Aroko lanabesak eta bestelako tresnak ikusgai daude. Aurrerago, berriz, Donejakue Bideari buruzko beste informazio afixa batzuek lotzen dituzte azokaren bi guneak. 

Horrez gain, bestelako jarduerak ere aurrera eraman dituzte asteburu osoan zehar. Ipuin kontalariak ibai ertzetik gertu izan du bere txokoa. Kontatu dituen ipuinen artean, ostiral arratsaldean  borrokan egin nahi duen Amalur printzesaren abenturen berri eman zien inguruan eseri zitzaizkion haurrei. Zoco arabean musika ikuskizuna izan zen, eta Te atraca la Callek musika eraman zuen azokako txoko batetik bestera. 

Igandeko egitaraua:

  • 11:00. Azokaren irekiera
  • 12:00. Barzonia
                 Ipuin kontalaria
  • 12:30. Acibreria musika ibiltaria
  • 13:00. Ipuin kontalaria
  • 13:30. Orkestra gizona
  • 14:00. Cabaila Zingary gune arabiarrean
  • 17:30. Barzonia
                 Cabaila
  • 18:00. Acibreira
                 Ipuin kontalaria
  • 18:30. Cuerna Onirica
  • 19:00. Te atraca la calle
  • 19:30. Pedrito one whell
                 Ipuin kontalaria - Amalurra
  • 21:00. Azoka itxiera

 

Erlazionatuak

Abian da Erdi Aroko azoka

Txintxarri Aldizkaria 2022 ira 16 Gizartea