EAEko energia komunitate handiena izango du Lasarte-Oriak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 16a, 12:00

Herrian zehar "estrategikoki" kokatuko dituzten sei instalazioren bidez, udalerriko ia biztanle guztientzat energia trantsizioa ziurtatuko duen energia komunitatea (TEK) eratuko dute Lasarte-Orian. 1.000 familia eta denda hornituko ditu azpiegitura horrek, eta aurreikuspenen arabera, lanak hamar hilabeteren buruan egingo dituzte. Horrekin batera, Basaundi auzoaren energia leheneratuko dute, lur eremu batean plaka fotovoltaikoak instalatuta. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Next Generation funtsak diruz lagunduko dituzte bi egitasmoak; inbertsioa 1.500.000 eurokoa izango da.

Okendo plazan aurkeztu dute Lasarte-Oriako energia komunitatea, TEK izenekoa. Bertan izan dira Agustin Valdivia alkatea, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu Iñaki Arriola eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensio. Hiruek nabarmendu dutenez, proiektu horrek "benetako erreferente" bihurtzen du udalerria, "trantsizio energetikorako eta herritarrentzako gizarte energiako eredu berriak sortzeko bidean".

Lasarte-Oriako TEKak udalak utzitako sei eraikin izango ditu; panel fotovoltaikoak jarriko dituzte bertan. "Instalazio horiek estrategikoki hautatuta daude, auzo eta eremu guztietara energia garbi eta berriztagarrirako sarbidea bermatzeko, autokontsumorako erregimenean", zehaztu du Valdiviak. Sustatzaileen aurreikuspenen arabera, azpiegitura horrek herriko 1.000 familia eta denda hornituko ditu, eta horri esker, argindarraren fakturan %30 aurreztuko dute.

Plakak eremu hauetan jarriko dituzte: Michelin kirol gunea, Garaikoetxea-Landaberri ikastola, Sasoeta ikastola, Zumaburu ikastetxe publikoa, Zabaleta frontoia eta Basaundi auzoa. 4.700 metro koadroko azalera erabilgarria izango dute, eta 1.476 panel jarriko dira. Agerraldian azaldu dutenez, 545 kilowatt (kW) inguruko potentzia emango dute, eta energia "%100 berriztagarria eta deskarbonizatua" izango da, Asensioren hitzetan. "13.600 megawatt orduko (MWh) karbonorik gabeko energia osrtuko dute, eta horrela, atmosferara 3.500 karbono dioxido baino gehiago isurtzea saihestuko da. Horren baliokidea litzateke Lasarte-Orian 14.000 zuhaitz landatzea 2030era arte". Ingurumen diputatuaren ustetan, herritarrek "rol aktiboa" hartzen dute trantsizio energetikoaren prozesuan, "komunitatea eratuz eta kultura energetiko berri bat sortuz, non pertsonek ahalmen handiagoa eskuratzen duten eredu tradizionaletan baino". 

Valdiviak balorazio oso positiboa egin du: "Zalantzarik gabe, aukera paregabea da energia berriztagarrien trenera igo eta gure karbono aztarna murrizteko; herritarrek klima aldaketaren aurkako borrokan parte hartu behar dute, eta abagune ezinhobea da energia komunitatearena, eguzkiaren indarraren apustu irmoa egiten duelako". 

Basaundiko energia leheneratzeko

Energia komunitateari buruzko xehetasunak eman eta gero, Basaundi auzoko energia onera ekartzeko lantzen ari diren proiektuaren berri eman du Arriolak. "Bizitegi eraikinetako birgaitze, irisgarritasun eta energia efizientziako jarduketak" barneratuko ditu, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak 850.000 euro inbertituko ditu 1.100 metro koadroko eremu batean, instalazio bat eraikitzeko; 266 eguzki plaka jarri ahalko dituzte bertan. 120 kWko potentzia eman eta 180 bat erabiltzaile izango ditu (etxebizitza eta saltokiak). Horrez gain, baterak jarriko dituzte, energia gehiago bildu eta biltegiratu ahal izateko. Halaber, soberakin horiek aprobetxatzea proposatzen du proiektuak, auzoan "mugikortasun elektrikoa" sustatzeko: ibilgailuentzako lau eta bizikletentzako bost karga gune jarriko dituzte.

"Autokontsumorako energia komunitateak herritarren parte hartze aktiborako ate irekia dira", adierazi du Arrioak. "Herritarren parte hartze aktiborako ate ireki bat dira eta komunitateari onura ekartzen diote, horrela bermatzen delako jasangarritasuna, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren aldetik". Sailburuak gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoak "energia mendekotasun handia" duela, %90etik gorakoa, eta horri "konponbidea" eman behar zaiola. "Premiazkoa da gure energia propioa sortzea ahalbidetuko diguten neurriak hartzea, eta horretarako, funtsezkoa da herritarren konpromisoa eta maila guztietako politika publikoek bat egitea".