Herriko komertzioetan erosten dutenek gozatua har dezaten, ikasturteko lehen kanpaina aurkeztu du Aterpeak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 15a, 13:36
Viña del Mar kafetegian aurkeztu dute 'Gozatu kanpaina' Datorren astelehenean hasiko da.

Ikasturte berria, baina betiko asmo eta helburuak: tokiko komertzioetan kontsumitzearen balioa aldarrikatzen jarraituko du Aterpea elkarteak, egitasmo eta kanpaina ugariren bitartez. Horietako azkena, Gozatu izenekoa, Lasarte-Oriako Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzako Turismo sailarekin batera prestatu duena. Hilaren 19tik urriaren 1era, gure herriko 70 establezimendu eta zazpi tabernatan kontsumitzen dutenek gozatu ederra har dezakete (hortik dator egitasmoaren izena), saltzaileek eta ostalariek zozkatuko dituzten erosketa bonu edo doako pintxoren bat tokatuz gero.

"Aipatu tarte horretan kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan erosketak egiten dituen orok txartel itxi batzuk jasoko ditu. Horietako batzuek zuzeneko sariak dituzte, pintxoak, taberna hauetan kontsumitzekoak: Hirualdeta, Arkupe, Avenida, Alai, Buenetxea, Herriko Etxea eta Viña del Mar", azaldu du Aterpeako lehendakari Miguel Angel Prietok. "Gainerako tiket guztiak zorro batean sartuko ditugu, 1.000 euro zozkatuko baititugu erosketa bonutan". Prietok jakinarazi duenez, pintxoak irabazten dituztenek kanpaina bukatu eta hurrengo egunetan ere joan ahalko dute lehen aipatu tabernetara.

"Funtsezko lana"

Prietoren ondoren, udaleko Sozioekonomia buru Nuria Fernandezek hartu du hitza, Aterpearen "funtsezko lana" azpimarratzeko: "Inoiz baino beharrezkoa da gure herriko merkataritza sustatzea, eta Gozatu kanpaina da horren erakusgarri; eskerrik asko egiten duzuen guztiagatik; bezeroek parte hartzea espero dut".