Mugikortasun jasangarriago baten alde

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 15a, 12:41

Lasarte-Oriako Udalak Europako Mugikortasun Astearekin bat egingo du aurten ere. Bi eguneko egitaraua iragarri du, eta bertan zehaztutako ekintzen artean, artean, Muittu Manttangorri hiribusa dohainik erabili ahal izango dute lasarteoriatarrek irailaren 22an

Bi egunetan pilatu dituzte aurtengo Mugikortasun Asteko jarduerak udalak eta Artelatz enpresak; hilaren 20an eta 22an egingo dituzte horiek. Bizikletak martxan jartzeko, oinarrizko konponketak egiten irakatsiko duen furgoneta ibiltariak zabalduko du egitaraua. Hilaren 20an izango da, asteazkenarekin, 16:00etatik 20:00etara, Okendo plazan.

Hilaren 22an egingo dituzte gainerako jarduerak, autorik gabeko egunarekin bat eginik. Bizikleta martxan izango da egun horretako lehen ekintza. Okendotik abiatuko da 16:00etan, eta bidegorrietan barrena ibiliko dira lasarteoriatarrak. Aurten, gainera, ez dute adin eta ibilbide bereizketarik egingo; haur eta helduek martxa bera egingo dute. Horretarako ibilbidea zertxobait moldatu behar izan dute antolatzaileek, baina ziur dira gustura arituko direla elkarrekin. Ohartarazi dute parte hartzaile bakoitzak bere bizikleta eta kaskoa eraman behar dituela.

Ordu erdi geroago zabalduko dute bigarren eskuko bizikleten eta patineteen azoka, 16:30ean. Okendon izango da, eta bertan saldu nahi diren bizikleta zein patineteak aurrez erregistratu egin beharko dira. Horretarako, honako helbide hau erabil daiteke: https://merkabi.eus/lasarte-oria. Egoera onean dauden ibilgailuak soilik onartuko dituzte salmentarako, eta gehienezko prezioa 500 eurokoa izango da. 

Haurrek jolasean aritzeko aukera ere izango dute. 17:00etaik 19:00ak bitarte bizikletekin egiteko jolasetan arituko dira, baita herri kirol eta aisialdiko bestelako jolasetan ere. 

Eguna amaitu aurretik, Ipar Martxa saioa egingo dute. Okendo plazatik irtengo dira 18:30ean, eta herriko plazetan barrena ibiliko dira.

Hiribus zerbitzua, doan

Autorik gabeko eguna izango denez hilaren 22a, osteguna, egun osoz doakoa zerbitzua eskainiko du Muittu Manttangorri hiribusak.