Intza KEk asteburu honetan ospatuko du 75. urteurrena

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 14a, 12:07

Intza KEko kideek eta udal ordezkariek egitaraua aurkeztu dute Sagardotegi kaleko egoitzan.

Intza Kirol Elkarteak 75 urte bete ditu aurten, eta egitarau oparoa prestatu du asteburu honetarako, urtemuga berezi hori behar bezala ospatzeko. Ekainean hasi ziren buruari bueltaka elkarteko zenbait bazkide, eta programa zabala ondu dute: pilota partidak, danborrada, herri meza eta bazkaria egingo dituzte, besteak beste. Lasarte-Oriako Udalak 10.000 euro emango dizkie gastuekin laguntzeko.

"Gure herriko elkarte zaharrena da Intza, eta urtemuga hori ospatzeko egitarau berezia prestatu dugu". Jose Felix Solanoren hitzak dira, ekainetik hona asteburu honetan izango diren ekintzak prestatu dituzten bazkide taldeko kideetako batenak. 1947an sortu zuten elkartea, ekainean, Antxon Aguirre Sorondo historialariak El mundo laboral de Lasarte-Oria liburuan zehazten duenez: "Ikuilu izenarekin ezagutzen zen lokalean hasi zuen bere jarduera Intza elkarteak; bertara kalezulo batetik sartu behar zen, Kale Nagusia eta gaur egun Sagardotegi kaleak lotzen zituen batetik". Azken kale horretatik bertatik sar daitezke herritarrak gaur egun egoitzara. Intza KEko zenbait kidek eta udal ordezkariek bertan egin dute prentsa agerraldia, 75. urteurrena ospatzeko aurrera eramango duten egitaraua aurkezteko. Mahaian eseri dira elkarteko lehendakari Jean Pierre Emmanuel Pello, idazkari Gorka Olaiz, pilota saileko buru Jose Felix Solano, Agustin Valdivia alkatea eta udaleko Kirol zinegotzi Txus Alonso. 

Azken horrek zehaztu duenez, udalak 10.000 euroko dirulaguntza emango dio Intza KEri, gauzatuko dituzten jardueren gastuekin laguntzeko. "Pilota sustatzeko sekulako lana egiten du; beragatik ez balitz, kirol modalitate horrek ez luke horrenbesteko pisua izango". Valdiviak zoriondu egin du elkartea 75 urteko ibilbideagatik: "Lan izugarria egiten duzue herriaren alde; goza dezagula denok ekimenez, eta bete ditzazuela beste 75 urte gutxienez". 

Egitarau oparoa

Sarreraren ostean, ostiral honetan hasi eta igandean bukatuko diren jardueren nondik norakoak azaldu ditu Solanok. Hauek dira:

Hilak 16, ostirala
  • Intza KEren egoitzan, 19:30ean: pilotari buruzko solasaldia. Jokin Errasti, Mikel Unanue, Aniceto Lazkano, Juan Mari Arteaga (pilotari ohiak horiek guztiak) eta Axier Arteaga Arteaga II gonbidatuko dituzte. 
Hilak 17, larunbata
  • Sagardotegi kaletik abiatuta, 12:00etan: danborrada, ATLO elkarteko lagunekin eta txarangarekin batera. Sagardotegi kaletik Hipodromo etorbidera joango dira; Tajamar biribilgunean bira eman, Kale Nagusia zeharkatu eta Largoenea kaleko biribilgunera iritsiko dira; Beko Kaletik Elizatze plazara gero; Kale Nagusira aterako dira berriro eta 8. zenbakian hamar bat minutuz geratuko dira ondoren (lehen handik sartzen zen egoitzara); Tajamar biribilgunetik Pablo Mutiozabal kalera, eta handik Iñigo de Loiolara; ostean Geltoki kalea zeharkatu, Hipodromo etorbidera atera eta Sagardotegi kalera joango, egoitza parera; eta amaitzeko, Uistin zein Blas de Lezo kaleetan joko dute. Bertan arropa eta danborrak utzi, eta hamaiketakoa egingo dute partaideek. 
  • Sagardotegi kaletik hasita, 16:30ean: LOZET elkarteko erraldoi eta buruhandiek kalejira egingo dute, Ttirriki Ttarraka eskolako trikitilariek lagunduta. Ibilbidea: Sagardotegi kalea, Tajamar biribilgunea, Kale Nagusia, Largoenea kaleko biribilgunea, Loidibarren pilotalekua, Elizatze plaza, Kale Nagusia, Hipodromo etorbidea eta Sagardotegi kalea. 
  • Loidibarren pilotalekuan, 17:30ean: Intza KEko pilota eskolako pilotariek norgehiagokak jokatuko dituzte.
Hilak 18, igandea
  • Sagardotegi kaletik abiatuta, 09:00etan: txistulariek diana egingo dute, eta herriko kale ugari zeharkatu.
  • Ama Brigitarren komentuan, 11:00etan: herri meza egingo dute, eta hil egin diren bazkideak oroitu.
  • Loidibarren pilotalekuan, 11:00etan: profesional eta elite mailako pilota partidak. Artetxe eta Erasunek Salaberria eta Lizeagaren aurka jokatuko dute lehenik; ostean, Alberdi eta Ugartemendiak Igoa eta Apezetxearekin neurtuko dituzte indarrak. 
  • Intzaren egoitzan, 14:00etan: bazkaria. Hauxe izango da menua: krabarroka pastela, porru eta perretxikoz betetako hostopila, marisko krema, bakailao gainerrea piperrekin (errazio erdia), ardo beltzarekin egositako masailak patata purearekin (errazio erdia) eta postrea. Prezioa, 35 euro. 

Horrez guztiaz gain, Solanok jakinarazi du dokumental bat prestatzen ari direla, elkartearen historiako argazki ugarirekin, eta USB edo disko batean entregatuko zaiela bazkideei, eginda dagoenean.