IV. Mendi Festa irailaren 25ean izango da

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 13a, 15:00

IV. Mendi Festa aurkeztu du LOTMEK udal ordezkariekin batera.

Mendiaz gozateko aukera ederra izango da irailaren 25ean, igandearekin. Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko kideek Mendi Festa antolatu dute laugarrenez. Aurten bi ibilbide dira luzea eta motza; ez da familientzako Ttipi Ttapa ibilbiderik izango. Horrez gain, aurtengo edizioak mendi proben zirkuituan Lasarte-Oriako hitzorduak duen sona jakiteko balio izango dio elkarteari. Izen ematea martxan da LOTMEren webgunean

Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteak IV. Mendi Festa aurkeztu du. Javier Olazagoitia, Marc Bages eta Juan Luis De la Mata elkarteko zuzendaritzako kideek, alkate Agustin Valdiviak eta Txus Alonso kirol zinegotziak izan dira agerraldian. Berrikuntza ugari daude ibilbideetan, bereziki.

Kirol elkarteko kideek jakitera eman dutenez, aurten bi martxa soilik izango dira (luzea eta motza); ez da Ttipi Ttapa ibilbiderik izango. "Proba hori mendi festatik ateratze adostu genuen eta horren ordez, San Pedro Jaien bezperan, familientzako martxa antolatu genuen".

Horrez gain, aurtengo ibilbideak berritu dituzte LOTMEko kideek. Martxa luzeak 30 kilometro eta 2.000 metroko desnibel positiboa du eta besteak beste, Buruntza, Adarra eta Onddi mendietako gainak igarotzen ditu. Mendian trebatuak daudenek egiteko proba dela onartu dute. "Aurten proba gogorragoa prestatzearen apustua egin dugu. Ikusiko dugu jendeak zer dioen. Baina gogorra bezain polita dela esan behar dugu," nabarmendu du Olazagoitiak. 

Ibilbide motza, berriz, Andatzako gailurrena iritsiko da. 13 kilometro eta 610 metroko desnibel positiboko bidea izango da. "Partaideak Andatzako gailurrera mendia inguratzen iritsiko dira. Paseo polita da; edozeinek egiteko moduko martxa da," adierazi dute.

Proba luzearen irteera 7:00etan izango da eta motzeko kideak, berriz, 9:00etan aterako dira Okendo plazatik. Beste moldaketetako bat ordu muga da; partaideek 15:00ak arte izango dute helmugara iristeko. 

Festaren sona

Javi Olazagoitiak aurtengoa Mendi Festarentzat eta LOTMErentzat urte berezia izango dela jakitera eman du: "Azken bi urteetan proba antolatu dugu. Bakarrenetarikoak ginen eta izen emate kopurua handia izan zen. Aurten COVID protokoloa alde batera utzita, ohiko egutegia martxan da eta astebururo mendi martxak daude. Gure probaren lekua zein den neurtzeko balio izango digu". 

LOTMEko kideek argi dute iazko partaide kopuruera iristea zail izango dutela; ia 500 parte-hartzaile izan ziren. Horregatik eta kudeaketa lanak errazteko partaide muga 400ean ezarri dute: "Kudeaketa kontuak alde batera utzita, mendian izan dezakegun eragina ere txikitu nahi izan dugu".

Euskal Mendizale Federazioak Zirkuitua 2022 plataforman sartzea lagungarri izango dela ere espero dute: "Data kontu batzuengatik ezin izan ginen zirkuitu ofizialean sartu. Baina Beste ibilaldi atalean dago gure proba". 

Egun 160 pertsonek izena daudela aurreratu dute LOTMEko kideek eta azken egunetara itxaron beharko dela azpimarratu dute: "Eguraldiak eragin handia du eta horren arabera, jendeak azken asterako uzten du inskripzioa". Hala ere, 250-300 izena emateetara iristen badira pozik egongo direla aitortu dute.

Izen ematea elkartearen webgunean egin dezakete interesatuek irailaren 23a arte. Federatuek 16 euro eta federatu gabeek 18 euro ordaindu beharko dituzte. "Federatuek euro pare bat gutxiagoko inskripzioa izango dute. Federazioaren asegurua dute; ez da beharrezkoa guk probarako egitea. Era honetara, kudeaketa errazten da," azaldu du Olazagoitiak.

Dortsalak egunean bertan jasoko dira probak hasi baino ordu erdi lehenago eta horrekin batera probaren elastiko txuria eta oroigarriez betetako poltsa jasoko dute parte-hartzaileek.

Poltsa horiek Udaleko Sozioekonomia sailak babestuak direla gogora ekarri duTxus Alonso kirol batzorde buruak: "Herriko komertzioa sustatzen duen Tratu On bat! marka duten poltsak dira".

Boluntario bila

Horretaz guztiaz gain, herriko mendi elkarteak proba aurrera eramateko boluntarioak behar dituela ere nabarmendu du. "Taldeko kideez gain, jende gehiago beharko genuke. Boluntariorik gabe, ezin da horrelako proba bat egin. Ikusten ez den atzeko lan asko dago aurreko egunetan eta egunean bertan: sastrakak kendu, bidean balizak jarri, eskoba lana, ano puntuetako janaria eraman...," aipatu dute. Eta lagundu nahi duten herritarrek 623 03 03 73 WhatsApp zenbakira idatziz antolakuntzarekin harremanetan jarri daitezkeela jakitera eman dute.

Azkenik, kirol zinegotzi Alonsok Udalaren esku dauden gauza teknikoetan lagunduko duela jakitera eman du. Eta eskerrak eman dizkie LOTMEko kideei horrelako proba antolatu eta hori antolatzeko atzetik dagoen lana ikustarazteagatik.