Hasi dira aurtengo GurasoLeku egitasmoa prestatzen

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 13a, 12:00

Lasarte-Oriako Udala, Ttakun Kultur Elkartea, Muntteri AEK euskaltegia eta herriko ikastetxeak zein guraso elkarteak ari dira GurasoLeku programan lanean, haurra ahalik eta hiztun osatuena egiteko helburuz. Izen emateak hilabete honetan zehar egingo dituzte.

Gure herriko haurrak ahalik eta hiztun osatuenak izatea da GurasoLeku egitasmoaren xede nagusia. Hiru adar ditu: GurasoLagun, GurasoLandia eta GurasoTegi. Proiektua aurrera eramateaz eragile ugari arduratzen dira, lan mahai batean elkartu ohi direnak kurtsoan zehar: Lasarte-Oriako udaleko Euskara Batzordea, Ttakun Kultur Elkartea, Muntteri AEK euskaltegia, Sasoeta-Zumaburu eskola, Landaberri ikastola, Andrejoakinaenea haurreskola eta Burunzpe zein Landaberri guraso elkarteak. Hilaren 2an lan bilera bat egin zuten ikastetxeetako irakasleekin; programa hobeto ezagutzeaz gain, nola hobetu aztertu zuten. Irakasleak dira gurasoak izena ematera animatzen dituztenak, familia bakoitzaren ezagutza maila kontuan izanda betiere. 

Amaitu zutenean, eta hamaiketako ederra egin aurretik, saioan hitz egindakoen ondorioak bertso bilakatu eta partaideen aurrean abestu zituen Ane Labakak. Elkarri agur esan aurretik, lan bileran parte hartu zuten ordezkariak elkarren alboan jarri eta talde argazkia atera zuten partaideek, 2022-2023 ikasturtea eta GurasoLeku martxan direla irudikatzeko.

Aurtengoan, irailean egingo dira izen emateak. Horretarako, eskuorriak banatuko dira herriko ikastetxeetan, eta hilabete amaieran jasoko, lehen aipatu programei urrian ekiteko.