Donostia Arraun Lagunak-ek lan ederra egin arren, ezin izan zuen Kontxako Bandera altxa

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 14a, 13:35
Donostia Arraun Lagunak eta Orio Orialki, bigarren jardunaldian lehian. Arg.: Joseba Parron San Sebastian/Irutxuloko Hitza.

Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia ehuneko gutxirengatik erabaki zen. Orio Orialkik eta Donostia Arraun Lagunak-ek lehia handia izan zuten azken metroetan. Mirotzak izan ziren lehenak helmugan eta Oriora eraman zuten saria. Lugañeneko kideak, ordea, harro daude egindako lanaz. Hondarribia Bertako Igogailuak ontzia, berriz, bosgarren izan zen sailkapen orokorrean

Akats tekniko batek Kontxako banderako Ohorezko txanda atzeratu arren, Orio Orialkik, Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra Ur Kirolak eta Hondarribia Bertako Igogailuak ontziek ez zuten kontzentrazioa galdu eta estropada ederra ikusi ahal izan zuten zaletuek.

Semaforoa berde jarri eta gogor hasi ziren arraunean lau eskifaiak. Mirotzak lehen kaletik buru jarri ziren eta bertan mantendu ziren sendo lehen luzean. Atzetik etxeko bi ontziak nor baino nor izan ziren eta atzetik denbora asko galduta Ama Guadalupekoa zihoan.

Ziabogan ikusi zen bata eta besteen arteko aldea. Oriotarrak izan ziren lehenak; bigarren sartu zen Donostia Arraun Lagunak-ek bira gehiegi ireki eta sei segundora egin zuen bira; Donostiarrak, berriz, bostera egin zuen bira eta bigarren atera zen ziabogatik. Azkenik Hondarribiak Oriok hamalau segundo gehiago behar izan zituen.

Donostia Arraun Lagunak-ek indartsu ekin zion bigarren luzeari eta pixkanaka pixkanaka aldea murriztu zuen eta azken metroetan Lugañene eta San Nikolas arteko  buruz burukoa izan zen.

Helmugan hamalau ehunekorengatik Orio Orialki izan zen garaile. Donostiarra izan zen hirugarren hamar segundora eta laugarren Hondarribia hogeita bat segundora.

Bi jardunaldietako denborak batuta Oriora joan zen aurtengo Kontxako Bandera.  Lasarteoriatarrak dituzten Donostia Arraun Lagunak eta Hondarribia Bertako Igogailuak bigarren eta bosgarren izan ziren, hurrenez hurren.

Lan txukuna

Donostia Arraun Lagunak-eko tostan lehiatu zen Aiora Belartieta herritarra. Estropada asko disfrutatu zuela adierazi du Lugañeneko kideak: "Ez genuen ezer ere ez galtzeko beraz disfrutatzera eta lan txukun bat egitera atera ginen".

Horien eta donostiarren arteko aldea bi segundokoa zen. Hala ere, donostiarrek amorerik emateko asmorik ez zutela onartu du herritarrak: "Nahi izatekotan denok nahi dugu segundoak gure alde egotea. Gure kasuan kontran genituen baina alde hori oso txikia iruditzen zitzaigun eta argi genuen estropada txukun bat eginez gero oriotarrei irabazteko gai izango ginela".

Denboraldi "gazi- gozoa" baten ostean, Lugañeneko kideek argi zuten lehia ona eginez gero saria izango zutela. "Ligan ez dugu guk genuen errendimendua aprobetxatu eta estropada askorekin ez gara gustura geratu. Argi geneukan gure lana eginez  hortxe ibiliko ginela bandera eskuratzeko," aipatu du. 

Bigarren jardunaldian ederki saiatu arren, ordea, ezin izan zuten euren helburua lortu eta gutxigatik ihes egin zien sariak. Horregatik, sentimendu kontrajarriak dituztela onartu du Belartietak: "Alde batetik pena asko eman digu segundo gutxira gelditu garelako baina, beste aldetik, oso harro gaude egindako lanarekin ez baitugu amore eman ezta une bakar batean ere".

Aiora Belartieta herritarra eta Donostia Arraun Lagunak-eko eskifaia zaletuak txalotzen. Arg.: Joseba Parron San Sebastian/Irutxuloko Hitza.

Ama Guadalupekoan ere beste herritar bat izan zen lehian, Intza Fernandez; Ohorezko txandan laugarren helmugaratu zen ontzia eta sailkapen orokorrean, berriz, bosgarren. 

Nahiz eta lehen jardunaldian hirugarren postua eskuratu, gustura geratu ez zirela nabarmendu du. Bigarren jardunaldian, berriz, Hondarribiarentzat estropada "ona eta gogorra" izan zela aipatu du herritarrak eta eskifaiako kideek "sentsazio onak" izan zituztela.

Estropadaren maila handiaren jakitun, aurreko txandakoen denborak kontutan izanda "bere estropada egitera atera zela" onartu du Hondarribiako kideak:  "Espero genuen Tolosaldea eta Donostiarrak Ur Kirolak-ek maila handia ematea. Lehenengo lauak –Orio Orialki, Donostia Arraun Lagunak, Tolosaldea eta Donostiarra Ur Kirolak–Euskotren ligan aritu dira eta guk ETE liga irabazi dugu".

Kontxako Banderan bosgarren postua eskuratzea ontzat ematen du beraz herritarrak: "Ez zait arraroa iruditzen bosgarren postuan geratzea. Orokorrean denboraldi oso ona izan dugula iruditzen zaigu eta horrekin geratzen gara". 

Eta orain hurrengo urtera –Ama Guadalupekoa Euskotren Ligako kide izango da– begira daudela aurreratu du Fernandezek: "Oraindik asko daukagu hobetzeko eta hurrengo urtean maila hobea emateko lanean jarraituko dugu".