Arteaga II.ak larunbatean esango dio agur bere ibilbide profesionalari

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 13a, 10:50
Axier Arteaga, Arteaga IIa., alkate Valdivia eta Txus Alonso kirol zinegotziarekin batera azken partida aurkezten.

Axier Arteaga Arteaga II.ak pilotariak agur esango dio pilota profesionalari. Larunbatean, 20:00etan, Michelin kirol guneko pilotalekuan azken partida jokatuko du Arangurenekin batera. Aurrez aurre Artola eta Aretxabaleta izango dituzte. Herriko pilotariak jaialdia aurkeztu zuen atzo Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdivia eta Kirol batzordeburu Txus Alonso lagun

Larunbatean, 20:00etan, Arteaga II.a-Aranguren eta Artola-Aretxabaleta profesionalen binakako partida jokatuko da Lasarte-Oriako Michelin kirol guneko pilotalekuan. Partida berezia izango da Arteaga II.a herritarrarentzat; pilota profesionalari agur esango dio bere etxean.

Valdivia alkateak jakitera eman duenez, herritarraren azken agurra "bere jendearekin" Lasarte-Orian izan behar zuela argi zuen Udalak eta horregatik Baiko enpresarekin batera partida antolatu dute larunbaterako.

Arteaga II.a pilotaria partida iristeko gogoz agertu zen jaialdiaren aurkezpenean. Garaipen batekin agur esateko aukera izatea nahiko luke herritarrak eta batez ere, "zaletuek partida on batez goza dezaten".

Eskerrak eman nahi izan dizkie Lasarte-Oriari eta zaleei urte hauetan eta azken asteotan jasotako maitasunarengatik. 

Era berean, Udalari eta Baikori ere eskerrak eman nahi izan zizkien azken partida hori udalerrian egin ahal izateko egindako kudeaketagatik. "Enpresak azken partida abuztuaren 16an egin nahi zuen, Aretxabaletan. Baina nik herrian amaitu nahi nuen nire ibilbidea, senideak eta adiskideak hurbil izateko.  Udalak hori jakitun bere harritxoa jarri zuen guztia antolatzeko; nik ere nire alde zegoen guztia egin nuen eta enpresak ere ideiaren alde egin zuen," azaldu du herritarrak.

Arteaga II.ak larunbatekoa beretzat egun polita bezain gogorra izango dela aurreikusten du: "Bizitza osorako gogoratuko dudana".

Txus Alonso kirol zinegotziak jaialdiaren nondik norakoak azaldu zituen. Arteaga II.ak Aranguren izango du bikote azken neurketa honetan eta Artola-Aretxabaleta izango dituzte aurre aurre. Hitzordua 20:00etan hasiko.

Sarrerak www.entradasfronton.com webgunean daude salgai eta partida egunean ordubete lehenago ere eskuragarri egongo dira Michelin kirol guneko leihatilan. Prezioa 10 eurotakoa da.

Valdiviak nahiz Alonsok Lasarte-Oriako pilotariari onena opa zioten bere etapa berrian, eta azken partidan Arteaga II.ari babesa ematera animatu zituzten herritarrak. “Arteaga pilotaren erreferente da udalerrian. Jarraitzeko moduko adibide bat da,” amaitu zuen Alonsok.