Ikastaroz beteta dator Emakumeen Zentroko ikasturte berria

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 12a, 18:26

Berrikuntzekin datoz ikasturte honetako Emakumeen Zentroko ikastaroak. Emakumeentzako Jabetze Eskola martxan jarriko duela iragarri du udalak, eta ikastaroetan izena ematea sarean egin ahal izango dute, lehenengoz lasarteoriatarrek; egunotan egin behar dituzte hainbat ikastaroetako izen emateak

Ikasturte berria prest du Lasarte-Oriako Emakumeen Zetroak; udal ordezkariek aurkeztu dituzte aurtengo ikastaroak. Bi berrikuntza nagusirekin dator aurten gainera aipatu zentrua. Lehena da Emakumeentzako Jabetze Eskola bat jarriko dutela martxan, eta bigarrena, berriz, ikastaroetan parte hartu ahal izateko izen emateak sarean egin ahal izango dituztela interesatuek. Honako esteka hau erabil daiteke horretarako: www.lasarte-oria.eus

Jabetze eskola "Ikuspegi feminista eta emakumeenganako ahalduntzea" lantzeko gunea izango dela azaldu du zentroko koordinatzaile Maite Iglesiasek. Gaineratu du emakumeen ahalduntzea eta partaidetza soziopolitikoa sustatzera bideratuta dagoela, eta topaketarako, ikaskuntzarako, hausnarketarako eta prestakuntzarako gunea izango dela.

Honako ikastaro hauen eskainiko dituzte jabetze eskolan:

  • Antzerkia: asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara - gaztelaniaz - 51,00 euro
  • Dantzatu (ezazu) indarra: asteazkenetan, 9:30etik 11:00etara - elebiduna - 38,25 euro
  • Hitz egin dezagun amatasunaz eta hazkuntzaz: asteazkenetan, 18:00etatik 19:30era - elebiduna - 38,25 euro
  • Migrazio doluaren tailerra: urriak 22, 10:30etik 12:30era - gaztelaniaz - dohakoa
  • Autodefentsa feminista: azaroak 12, 10:30etik 13:30era eta 14:30etik 17:30era - euskaraz- dohakoa
  • Ikasketak eta prestakuntza-ibilbideak homologatzeko tailerra: urtarrilak 12, 16:00etatik 18:00etara - gaztelaniaz - dohakoa
  • Nire prestakuntza eta lan esperientzia hemen: urtarrilak 26, 16:00etatik 18:00etara - gaztelaniaz - dohakoa

Horietan izen emateko epea zabalik dago gaurtik, eta irailaren 21era arte egin ahal izango da.  

Jabetze eskolako ikastaroez gain, ikasturtero Emakumeen Zentroak eskaintzen dituen ohiko ikastaroek ere ez dute hutsik egingo.

Hauek dira ikastaroak: 

  • Yoga: 38,25 euro erroldatuak eta 63,75 euro ez erroldatuak
  • Eskulanak: 51,00 euro erroldatuak eta 85,00 euro ez erroldatuak 
  • Ehoziriak: 43,96 euro erroldatuak eta 73,27 euro ez erroldatuak
  • Tai-Xia: 21,98 euro eta 36,64 euro ez erroldatuak
  • Hipopresiboak: 44,55 euro eta ez erroldatuak 74,25 euro
  • Gorputza entzuten eta sentitzen ikasiz: dohakoa
  • Jantzi-konponketak eta patroiak: dohakoa
  • Bisuteria: dohakoa
  • Kantua: dohakoa
  • Egunerokotasunerako psikologia: dohakoa
  • Batuka: dohakoa
  • Gorputzaren autozainketa: dohakoa

Horietan matrikula egiteko epea gaur, bihar eta etzi izango da, hilak 12, 13 eta 14. 

Ikastaroen gaineko informazio gehiago eskatzeko edota edozein zalantza argitzeko Emakumeen Zentrora joan behar dute herritarrek, Aralar plaza 5 helbidean dago, eta honako ordutegian aurkituko dute zabalik: 9:30etik 13:00etara eta 15:30etik 19:30era. Horrez gain, emakumezentroa@lasarte-oria.eus helbidera ere idatzi daiteke, eta baita 943-36 39 58 telefono zenbakira deitu. 

Eskaera eskaintza baino handiagoa bada, zozka

Ohartarazpen bat egin du udalak. Adierazi du eskaintzen diren plaza kopurua baino izen emate gehiago gertatzen diren ikastaroetan, zozka bidez banatuko direla. Zozka hilaren 16an egingo dute, 12:00etan, Emakumeen Zentroan.