Zereginez betetako larunbata

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 10a, 23:59

Zeregin hitzak zenbaitetan kutsu ilunagoa izaten du, baina ez da hala oraingoan. Extremadura Etxeak antolatutako jai zerrendan larunbatean aukera zabala izan dela esan nahi baitu. Goizetik gauera luzatu da festa, eta bihar bandera jaitsi artean ere hala izango da. 

Goizean, Guadalupeko Amaren omenezko meza egin dute elkartearen egoitzako terrazan. Jarritako mahai gehienak bete dira eta bertako abesbatzak parte hartu du elizkizunean. Amaitu aurretik, Jaizkibel plazan Oaintxe In Deu txarangako kideak LOZETeko erraldoientzat musika jotzen ari ziren. Batetik bestera korrikan, berriz, haurrak eta buruhandiak. Bazkari herrikoiaren aurretik, sevillana erakustaldia egin dute Duende, Gitanillas eta Zambra taldeek. 

Arratsaldeari ekiteko Jalguneko kideekin batera futbolin txapelketa jokatu dute. Gaztelekuaren aurrealdera atera dute mahaia, barruan bero gehiegi egiten zuelako, eta zenbakidun bonboiak ausaz hartuta osatu dituzte bikoteak. Bost gol lehen lortu dituen bikotea sailkatzen joan da finalera iritsi arte. Musikaren bidez Extremadurara bidaia egiteko aukera ere izan da, Donostiako Virgen de Guadalupe taldeak hango jotak abestu eta dantzatu baititu.

Girorik ez da falta izan plazan egun osoan zehar, baina gaueko hitzordu nagusia elkartean izan da. Bazkideen afaria egin dute bertan. Agustin Valdivia alkatea, Maite Iglesias, David Ares, Jon Antxordoki, Estitxu Garmendia eta Jon Martin ohorezko mahaian eseri dira. Eurek eta bazkideek César Rufo eta Ángel Barreda prestatutako menu oparoa jan dute: hestekiak, ganba, perretxiku eta lepape hostopila, otarrainxkak saltsa berdean, limoi edo laranja sorbetea, azpizuna piperrekin eta tiramisua. 

Zezensuzkoaren inguruan korrika egin nahi zutenak gogoz gelditu dira, akatsen bat izan baitu eta ez da lasterketarik egon. Huts egin ez duena, Ibai Berriak taldea izan da. Eszenario aurrealdea gutxika betetzen joan da, baina lehen kanta amaitzerako dantzan hasiak ziren asko.

Igandeko egitaraua

  • 10:30. Marrazki lehiaketa. 2KN kafetegian
  • 11:30. Haurrentzako jolas eta tailerrak
  • 12:00. Ginkana
  • 13:00. Buruhandiak
  • 14.00. Herri bazkaria
  • 16:00. Karta txapelketako finalak
  • 17:00. Bolo lehiaketa 18 urtetik gorakoentzat
  • 19:00. Sari banaketa
  • 20:00. Jaien amaiera eta bandera jaitsiera
Erlazionatuak