Jai giroa nagusi da Jaizkibel plazan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 9a, 20:16

Ama Guadalupe jaiak ospatzen ari da asteazkenetik Extremadura Etxea. Biziberrituta, indartuta eta gogotsu bueltatu diraospakizunak hiru urteko hutsunea betetzera. Horretarako, egitarau oparoa osatu dute eta festa giroa ez da faltako Jaizkibel plazan igandean elkarteko bandera jaitsi artean. 

Arantzazuko Amaren Eguna da gaur, baina Jaizkibel plazan beste Ama baten omenez ospatzen ari dira goizetik. 11:30ean zabaldu dute standa, baina elkartean aurretik ere lanean zebiltzan bazkideetako batzuk. Sukaldean Estrella Iglesias migak prestatzen ari zen beste kide batzuek lagunduta. Hamaiketakoaren orduan oraindik ere osagaiak nahasten ari zen eta ordubeteko atzerapena aurreikusi du. Ez dirudi Jaizkibel plazan zain zeudenei gehiegi axola izan zaienik itxarotea. Girotze musikak lagunduta, tapa eta edaria hartu dute taberna aurrean jarritako mahaien bueltan eserita. 

Puntual hasi dira, aldiz, Oaintxe in deu txarangako kideak. Eszenarioaren albo batetik abiatu dira elkarteko egoitzarantz eta han geldialdia egin dute, juxtu, migak plazara bidean atera dituztenean. Musikariek bide bera egin dute eta ilaran zeudenen artetik pasatu dira, jotzen jarraitzeko txoko baten bila. Itxaron dutenei merezi izan die, miga goxoak dastatu baitituzte. Denentzat nahikoa izango ziren zalantzan, ez dituzte platerak gehiegi bete, baina gero nahi izan dutenek errepikatzeko aukera izan dute. 

Suak ez dituzte itzali eta eguerdiko herri bazkarirako paella prestatu dute. Helduek 7 eurotan eta haurrek 4 eurotan erositako txartelen truke mimoz prestatutako arroza dastatu dute. 

Bazkal ondorenetik aurrera ere ekimen ugari aurrera eramaten ari dira. Arratsaldean, esaterako, Paula Letiziaren bakarrizketarekin barre egiteko aukera izan dute. Argentinatik etorritako umoregileak bere bizitzaren zenbait pasadizo partekatu ditu eszenario aurrealdea bete dutenekin. Amaitzeko, lehen ilaran zeuden neskei eskatu die Despechada dantzan egiten irakasteko.

Larunbateko egitaraua

  • 11:30. Extremadurako meza. Extremadura Etxean.
  • 12:00. Buruhandien kalejira Oaintxe in deu txarangarekin
  • 13:00. Duende, Gitanillas eta Zambra talde andaluziarren emanaldia
                 Bermuta
  • 14:30. Arkume gisatua Extremadurako erara. 
  • 16:00. Futbolin txapelketa kooperatiboa Jalgune elkartearekin
                 Tute txapelketa
  • 17:00. Herri kirolak
  • 19:00. Donostiako Virgen de Guadalupe taldearen emanaldia
  • 21:00. Bazkideen afaria
  • 23:00. Zezensuzkoa
  • 23:30. Dantzaldia Ibai Berriak taldearekin