Gaztelekuko entsegu gelen erabileraren eskaera egiteko epea ireki du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 8a, 15:53
Agustin Valdivia alkatea eta Txus Alonso Gazteria saileko batzordeburua, aurkezpenean.

Lasarte-Oriako taldeek eta bakarlariek Gaztelekuko gelak erabili ahal dituzte entseguak egiteko. Lasarte-Oriako Udalak gelak erabiltzeko eskaera epe ireki duela jakitera eman du gaur eguerdian eskainitako prentsaurrekoan. Alkate Agustin Valdiviak eta Txus Alonso Gazteria saileko buruak azaldu dituzte ekimenaren nondik norakoak

Herriko musika taldeei eta bakarlariei laguntzeko helburuarekin Lasarte-Oriako Udalak Gaztelekuko entsegu gelak jarri ditu euren eskura. Bi areto dira; bakoitzak 18 metro karratu ditu eta instrumentuak gordetzeko gune bat ere badute.

Gelak erabili ahal izateko musikariek eskaera egin beharko dute udal erregistroan, 9:00etatik 14:00etara edo udaleko webgunearen bitartez. Izapidean taldearen izena, talde kide kopurua eta euren izenak zein jaiotegunak zehaztu beharko dituzte. Era berean, entsegu egunak eta orduak adierazi beharko dituzte eskaera orrian. Eta adin txikiko kideak dituzten taldeek gurasoen baimena aurkeztu beharko dute atxikita. Eskaera egiteko azken eguna irailaren 25a izango da.

Urri hasieran musikariek aretoetan lanean egotea espero dutela adierazi dute udal ordezkariek. Horretarako, izen emate epea amaituta, bilera bat egingo du udalak eskaera egin duten guztiekin; ordutegien koadroa aurkeztu, orduak berretsi edo zehatu eta erabilera arauak azalduko dituzte teknikariek. 

Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, eskatzaileek Lasarte-Orian erroldatuta eta 30 urte baino gutxiago izanez gero, lehentasuna izango dute aretoak erabiltzeko. Ordutegien koadroa osatzean berdinketarik egongo balitz, beraz, baldintza horiek gailenduko dira.