Donostia Arraun Lagunak eta Hondarribia Ohorezko txandan lehiatuko dira

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 5a, 16:15
Donostia Arraun Lagunak-ek eta Orio Orialkik lehia bizia izan zuten lehen jardunaldian. Arg.: Irutxuloko Hitza.

Donostia Arraun Lagunak eta Hondarribia Bertako Igogailuak Ohorezko txandan izango dira nor baino nor, hilaren 11n. Beraz, Aiora Belartieta eta Intza Fernandez herritarren ontziak Kontxako Bandera eskuratzeko lehiatuko dira. Belartieta kide duen Donostia Arraun Lagunak-ek ditu aukera gehiago; sailkatze proban irabazle izan zen eta iazko garaipena errepikatu nahi du Donostiako eskifaiak. Lehen jardunaldian sailkapen buru den Orio Orialkik, ordea, ez du erraztasunik emango

Hilaren 4an, Kontxako Banderaren lehen jardunaldia jokatu zen Donostiako Badian. Euskotren Ligako ontziak zein ETE eta Galiziako Ligako lehen biek parte hartu zuten bi txanda ezberdinetan banatuta. Lehia bizia egon zen bi estropadetan.

Lehenengoan, Intza Fernandez herritarra Hondarribiako tostan izan zen eta Hibaika, Tolosaldea eta Cabo eskifaiekin batera Ohorezko txandan lekua lortzeko lehiatu zen Ama Guadalupekoa.

Lehen kaletik jardun zen talde berdea eta Tolosaldearekin borroka ederra izan zuen. Badiatik ateratzerakoan bi ontziak aurretik jarri ziren eta ziabogan urdinek hiru segundoko aldea lortu zuten. Alabaina, Ama Guadalupekoak badian sartzerakoan erritmoa bizitu eta egoerari itzulia eman zion. Helmugan garaile izan zen,  10.50,47 eta Tolosaldea bi segundo eta 36 ehunekotara iritsi zen.

Tolosaldea eta Hondarribia Bertako Igogailuen ontzien arteko lehia izan zen lehen txandan. Arg.:  Irutxuloko Hitza.

Bigarren txanda geratzen zen, ordea. Horretan, Aiora Belartieta herritarrak eta Donostia Arraun Lagunak-ek Orio Orialki, Donostiarra Ur Kirolak eta Chapelaren aurka neurtuko zituzten indarrak.

Bandera lortzeko lehia estua izango dela argi utzi zuten lehen jardunaldian Donostia Arraun Lagunak-ek hirugarren kaletik eta Orio Orialkik lehen kaletik.

Hasieratik bi ontziek hartu zuten burua eta ziabogan mirotzak izan ziren azkarrenak, 5.25; segundo bat gehiago behar izan zuten donostiarrek. 

Garailea ez zegoen argi, parez pare jarri baitziren berriz ere bi ontziak bigarren luzean. Azken metroetan, ordea, San Nikolaseko eskifaia ongi baliatu zen olatuez.  Metro batzuetako tartea egin eta lehen jardunaldiko irabazle izan zen, 10.37,52. Lugañene, berriz, bigarren izan zen 10.39,68 denborarekin. 

Lehen txandan lehiatutako Hondarribia Bertako Igogailuak gainerako bi ontziak iristeko zain zegoen. Ziabogan berdeek baino denbora kaxkarragoa egin zuten bai donostiarrek, baita galiziarrek ere. Helmugan Donostiarra Ur Kirolak 10.50,82 denbora egin zuen eta Chapelak, azkenik, 11.15,18. Denbora horiek kontuan izanik, Ama Guadalupeko ontzia jardunaldiko hirugarren sailkatu zen eta Ohorezko txandarako txartela eskuratu zuen.

Era honetara, hilaren 11n, 11:00etan, bi herritarren ontziak izango dira Kontxako Banderako Ohorezko txandan lehian.