Real Sociedad taldea Euskal Herria Kopako txapeldun da

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 5a, 14:00
Realeko jokalariak, Euskal Herria koparekin. Arg.: Mailo Oiarzabal/UKT.

Iraia Iparragirre herritarrak eta Real Sociedad Taldeak berriz ere Euskal Herria Kopa altxa dute. Talde txuri-urdinak 2020an eskuratu zuen azkenezkoz kopa eta iaz ezin izan zen finalera iritsi. Aurten, ordea, ederki kendu du arantza. Abuztuaren 13an, Athletic Club 3-1 garaitu zuen Tolosako final erdian talde donostiarrak. Hilaren 4an, berriz, 4-1 irabazi zuen Alavesen aurkako finala

Nahiz eta emaitza mardula izan, Azkoitiako Txerloia zelaian jokatu zen lehia berdindua izan zen. Lehen zatian, gol aukera askorik ez zuten sortu taldeek. Hala ere, 12. minutuan, markagailuan aurreratzea lortu zuen Realak Synne Jensenen golari esker. 

Alavesek ez zuen amore emango, ordea eta hiru minututara, Carla Armengolek gola egin zuen partida berdintzeko. 35. minutuan, bigarrena sartzeko aukera ere izan zuten babazorroek. Realak, berriz, buruz sortu zuen arriskua Jensenen eskutik.

Banako berdinketarekin hasi zen bigarren zatia. Realak kopa irabazteko gogoz zegoela erakutsi zuten hasi bezain laster. Gabyk atera egindako jaurtiketa batek langan jo zuen.

66. minutura arte itxaron behar izan zuten, ordea. Jensenek donostiarren bigarren gola egin zuen eta neurketako azken minutuetan, Maddi Torrek eta Elene Vilesek hirugarren eta laugarren gola egin zituzten, hurrenez hurren.

Iraia Iparragirre herritarra hamaikakoan izan zen eta bigarren zatiko 68. minutuan utzi zuen zelaia.

Iraia Iparragirre herritarra, finaleko momentu batean baloia borrokatzen. Arg.: Mailo Oiarzabal/UKT.