Zeresana eman du udalbatzarrean Atsobakarreko kirol gunearen proiektuak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 2a, 14:41

Atsobakarren kirol eta atletismo pista bana eraikitzeko egitasmoaren espedientea onartu du udal korporazioak, 11 aldeko bozka eta sei abstentziorekin. Proiektuak aurrera jarraitzeko nahikoa babes jaso badu ere, oposizioko alderdiek udal gobernua egiten ari den kudeaketa kritikatu dute. Beste gai bat ere izan dute hizpide zinegotziek: irailetik hasi eta abendu amaierara arte garraio publikoa erabiltzeko Mugi tarifak onetsi dituzte, aho batez.

Korporazioak ezohiko saioa egin zuen atzo goizean. Atsobakarreko kirol egitasmoari buruz jardun ziren luze eta zabal. Besteak beste, hau egitea adostu zuten: San Juan Arkitektura enpresak egindako eraikitze proiektua onartzea; inbertsioa 6.661.098,96 eurokoa izatea; lizitazioa udalaren iturrien bidez iragartzea; eta kontratazio mahaia osatzea. 

Bozka azalpenaren txanda ireki aurretik, eztabaidarena zabaldu zuten. Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiko bozeramaile David Aresek hartu zuen hitza. "Herritarren beharrei erantzuten dien egitasmo bat izan arren, bi kontu mahaigaineratu nahi ditugu: batetik, ez dugu ulertzen zergatik garestitu den horrenbeste proiektua aurkeztu zenetik hona, eta bestetik, nahiko genuke udal gobernuak gardentasun gehiagoz jokatu izana, dokumentazio guztia kontsultatzeko oso denbora gutxi izan baitugu, abuztuaren 22tik gaur arte". Datu batzuk mahaigaineratu zituen Aresek: "2021eko inbertsio plana aurkeztu zuenean udal gobernuak, kostua 4.223.000 eurokoa zen, eta oraingoa, sei milioi baino gehiagokoa. Bestalde, 2017tik 2021era bitarteko KPIa %9,3 hazi da eta eraikuntza materialen prezioa %21 garestitu; Atsobakarreko egitasmoa, berriz, bost bider garestitu da [2017ko apirilean Lantzen aldizkarian udalak argitaratu zuen 1.230.000 eurokoa izango zela, Aresen arabera]". 

Agustin Valdivia alkateak hartu zuen hitza ondoren, ELOPi erantzuteko. "2017ko Lantzen aldizkariko datua okerra da, argi dago hori. Gainerakoan, datu batzuk ematen dituzue baina ez guztiak, demagogia egiten ari zarete. 2021ean bertan zenbat garestitu da bizitza oro har? Bi adibide: altzairu kilo batek 1,75 euro balio zituen urte hasieran, eta 6,25 euro orain; hormigoiaren kasuan, metro kubiko batek 82 euro balio zituen lehen, eta 145 euro orain". Gardentasun ezari buruz, Valdiviak azpimarratu zuen "galdera guztiak" erantzun dituela udal gobernuak haiengana zuzendu direnean, eta eskatu batzorde informatiboak erabiltzeko "zalantza eta bestelakoak" plazaratzeko.

Kudeaketari, kritikak

PSE-EEk eta EH Bilduk egitasmoarekin aurrera jarraitzearen alde bozkatu dute, eta abstenitu egin dira ELOP zein EAJ-PNV. Jeltzaleen erabakia alderdiko bozeramaile Jon Antxordokik azaldu zuen: "Gure iritzia aldatzea erabaki dugu, minduta sentitu baikara: ez zaigu gustatu alkateak nola erantzun dien ELOPeko kideei. Bestalde, adierazi behar dugu 2015-2019 legealdiko hauteskunde programan jaso genuela Atsobakarreko kirol proiektua, eta beti egin dugula lan horren alde. Gure iritziz, udal gobernuak ez zuen Usurbilgo Udalarekin negoziatzeko saiakera sendorik egin 2018an, eta horrek atzerapena eta egitasmoaren garestitzea ekarri ditu; bere jarrera lotsagarria izan da". 

EH Bilduk eman zituen azalpenak ondoren; bozeramaile Jon Martinek hartu zuen hitza. "Baiezko bozka eman dugu uste dugulako herriarentzat funtsezko proiektua dela, baina ez dadila inor nahastu. Ez gara esaten ari udal gobernuak egin duen kudeaketa babesten ari garenik, ezta inondik ere, negargarri ari direla salatu nahi dugulako", nabarmendu zuen. Gogorarazi du 2016ko otsailean iragarri zuela egitasmoa aurrenekoz udal gobernuak, eta sei urte eta erdi geroago onartu duela esleipena korporazioak. "Denok dakigu lanak nekez hasiko direla 2023a baino lehen, eta, ondo bidean, hamabi hilabete luzatuko direla. Hortaz, ez lituzke bere funtzioak beteko 2024 erdialdera arte, gutxienez". Udalarentzat garestiagoa izatea ere salatu du Martinek: "Esleipena ez zen behar bezala egin hasieran, aurkeztutako txostenak ikerketa geotekniko bakar bat ere ez zuelako jaso, hasieratik izan ditu akats nabarmenak; orain ikusi dugu garestitu izanaren arrazoi nagusietako bat dela lurzoruan egin beharreko lan guztia". 

Valdiviak erantzun zuen proiektua atzeratu izanaren arrazoi nagusia Usurbilgo Udalak lurzoru horretan lanak egiteko baimena lehenago eman ez izana dela. Azalpen horrek ez zituen gainerako alderdietako kideak konbentzitu.