Kontxako Banderako lehiaren aurrekari erlojupeko lehia izan da egunotan Donostiako badian. 42 ontzik hilaren 4an eta 11n lehiatuko diren estropadarako sailkapena izan dute jokoan. Gizonezko 24 zein emakumezko 18 eskifaietatik hamalau ontzik bakarrik lortuko zuten saria; maila bakoitzeko zazpina, Donostiarra Ur Kirolak taldeko bi ontziak zuzenean sailkatuak daude eta.
Gizonezko proba izan zen abuztuaren 31n eta bertan Gaizka Ormazabal herritarrak Hibaikarekin parte hartu zuen. B multzoan zegoenez, 23. postuan lehiatu zen Errenteriako ontzia. Ziabogan 11.19 egin zuen taldeak eta helmugan 21.56,19 egin zuen. Lehen zazpi postuetatik urrun geratu zen eta ez du Bandera jokatzeko aukerarik izango.
Emakumezkoen lehian, ordea, bi ordezkari izango ditu Lasarte-Oriak. Aiora Belartieta Donostia Arraun Lagunak-eko tostan izango da; Intza Fernandez, berriz, Hondarribia Bertako Igogailuak taldearen Ama Guadalupekoan.
Sailkapen proban bata bestearen atzetik atera ziren bi ontziak; donostiarrak bederatzigarren postuan atera ziren eta hondarribitarrak hamargarrenenea. Biek aurkari zuzenen denborak jakitun egin zuten lehia eta euren onena eman zuten Kontxako Banderan egoteko.
Donostiako badia ederki ezagutzen duela erakutsi zuen Lugañenek. Hasieratik aurkarien denbora hobetu zuen Donostiako eskifaiak; ziabogan bost segundoko aldea atera zion orduan buru zen Orio Orialkiri. Ziaboga ederra egin zuen Aiora Belartieta herritarrak aurreko postuan. Bigarren luzean ez zuen denborarik onena egitea lortu Donostia Arraun Lagunak-ek. Hala ere, lau segunduko errenta mantentzea lortu zuen 10.46,26 denbora eginez.
Hondarribiak Intza Fernandez herritarra tostan laugarren denborarik onena egin zuen ziabogan. Bigarren luzean, ordea, ezin izan zuten postua mantendu eta seigarren denbora onena egin zuen helmugan, 11.11,74.
Sailkapen probako emaitzen ostean, Euskotren Ligako ontziak zein ETE eta Galiziako Ligako lehen biak izango dira nor baino nor Kontxako Banderan. Hilaren 4an, igandearekin, jokatuko den lehen jardunaldiko txandak ere zozkatu dira eta estropada ezberdinetan izango dira herritarrak. Hondarribiak lehen txandan parte hartuko du; Hibaika, Tolosa eta Cabo izango ditu aurkari. Donostia Arraun Laguna-ek Orio, Orialki, Donostiarra Ur Kirolak eta Chapelaren aurka neurtuko ditu indarrak bigarren txandan.