Saninazioak ospatzen ari dira Basaundi Bailaran

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 30a, 21:20

San Inazio Jaiak ospatzen ari dira asteburuan Basaundi Bailarako auzotarrak. Ostiral arratsaldean Lasarte-Oriako Udalak antolatuta, Psicoacustic taldearen kontzertua izan zen Brunet parkean, gaurkoaren aurrekari. Musika, jolasak eta jai giroa nagusi izan dira egun osoan zehar.

Euritsu eta goibel esnatu da eguna, baina orduek aurrera egin ahala hobetzen joan da, udako egun eguzkitsua bilakatu arte. Basaundi Bailaran ziur asko hala nahiago izan badute ere, festa giroa berdin-berdina izango zen. 

Jaira batzeko deia txalaparta doinuekin egin dute, ordurako tabernan taldetxo bat bazen ere. Buruntz-azpi elkartearen aurreko plazan paella prestatzen eta aritu dira goizean herri bazkarirako prest egon zedin. 70 eserlekuak bete dituzte eta giro atseginean osatu dute otordua.

Gosea berdindu ondoren, mus txapelketa egin dute. Sei mahaitan lehiatu dira bikoteak, partidaz partida irabazlea nortzuk ziren erabaki arte. Oaintxe In Deu txarangako kideek bazkalondorena girotu dute, jokalariei elkar entzutea zailduz. Karta jokoan ari ez zirenei, berriz, dantzarako aukera eman diete.

Horretan zebiltzala buruhandiak agertu dira. Lasterketatxoak, beldurrak, irriak, argazkiak... Pertsonaia hauek inguruan direnetan gertatu ohi dena izan da Basaundin ere. Ondoren, haurrek korrikaldietako beroa tenis pistan egindako apar festan kendu dute. Hiru ordu laurden inguru izan dute xaboi aparretan jolastu, murgildu eta desagertzeko. Ondoren, ur pistolak eta globoak banatu dizkiete eta ur gerra egin dute ondoko parkean. Heldu batzuk ere animatu dira, ordurako eguzkiaren eragina agerikoa baitzen.

Batzuk borroka freskagarrian (eta garbigarrian) zebiltzan bitartean, beste batzuk zunba eta jumping egitera animatu dira plazan, Saitoren gimnasioaren eskutik. Trebezia eta gogoa erakutsi dituzte partaideek, umore onarekin batera.

Oaintxe In Deu txarangan auzoko kaleak girotu ditu arratsalde osoan zehar eta eguna musikarekin amaituko dute Basaundi Bailaran, Ibai Berriak taldearen berbenarekin, hain zuzen ere.

Larunbatean ekimenen zerrenda ez da laburra izan, baina San Inazio egunekoa are luzeagoa da. 

Igandeko egitaraua

  • 09:00. Martxa erregulatua. Auzoko plazatik abiatuko da.
  • 10:30. Diana txistulariekin.
  • 11:00. Haur jolasak auzoko plazan.
  • 12:00. Buruhandiak auzoko plazan eta inguruan.
                Meza Nagusia Karmengo kaperan.
  • 12:30. Bote eta toka txapelketa auzoko plazan.
  • 14:30. Bazkaria bazkideentzat Burutz-azpi elkartean.
  • 17:00. Gaztelu puzgarriak auzoko plazan.
  • 17:30. Haurrentzako askaria.
  • 18:00. Patata tortila lehiaketa auzoko plazan.
  • 18:30. Luntxa eta tortila dastaketa.
  • 19:30. Jaien amaiera Makulu Ken taldearekin.
Erlazionatuak

Txarangak girotu du bazkalostea

Txintxarri Aldizkaria 2022 uzt 30 Gizartea