Uzta digital emankorra

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abu. 1a, 08:00

Udako oporrak poz-pozik hartu ditugu, eta ez soilik atseden hartu eta pilak kargatuko ditugulako: www.txintxarri.eus atari digitaleko datuei erreparatu diegu, ikasturte osokoei, eta ikusi dugu iazko hazkundea egonkortzea lortu dugula (2020-2021 kurtsokoak izan dira orain arteko datu onenak). Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Adierazle gehienetan oso gertu geratu gara, eta baten batean goitik gaude, erabiltzaileek hasi dituzten saioetan, adibidez: 121.832 izan dira aurten (hilaren 28ra arteko datuak eskuetan), eta 120.797 iaz. Saio horiek guztiak 48.471 erabiltzailek hasi dituzte (iaz 49.463 izan ziren), eta orotara 284.434 orrialde bisitatu (2020-2021ean, 294.609). 

Jarraitu aurretik, ohi bezala, TXINTXARRI aldizkariko lantaldea osatzen dugun guztiok eskerrak eman nahi dizkizuegu, irakurleok, zuei esker egin baitugu erreportaje hau horren gustura. Abuztuan atsedena hartu eta gero, lan eta lan jarraituko dugu, Lasarte-Orian gertatzen denaren berri izaten jarrai dezazuen, euskaraz eta gertutik, 1993ko urritik ari garen bezala.

Sarerako sortu ditugun eduki kopuruari erreparatuta, nabaria da dezenteko eragina izan duela herrian oso errotuta dauden jarduera, jai eta ekimen ugari beti bezala ospatu izana: San Pedro Jaiak, Zabaleta auzoko festak, 22. Korrika, inauteriak, kultur eta kirol eragileen erakustaldiak nahiz emanaldiak, eta abar. Iaz baino argazki galeria gehiago egin eta bideo gehiago grabatu ditugu, esan bezala, kalera aurreko bi urteetan baino gehiago ateratzen ari garelako: 259 eta 219 izan dira hurrenez hurren; iaz, berriz, 222 eta 139. Horrekin batera, esan behar da artikulu gutxixeago idatzi ditugula, 1.289 (pasa den kurtsoan, 1.359).

Horren harira, ez da kasualitatea bisita gehien aurtengo ekainean erregistratu izana. Zabaletako festen, sanpedroen eta Sorgin Jaien itzulera ez ezik, irailetik ordura arte landutakoa  erakusteko garaia izan ohi da elkarteentzat, eta jaietarako motorrak berotzekoa. Horren adibide, San Joan sua. Hilabete horretan 41.028 orrialde bistaratu dituzte erabiltzaileek; gertu geratu da martxoa, 35.213 bisitarekin, eta baita amaitzear den hilabetea ere, uztaila, 32.592rekin (lehen aipatu dugun bezala, atera ditugun datuak 28ra artekoak izan dira, aldizkaria inprentara bidali dugun egunera artekoak, hain zuzen).

Mugarria, 2019-2020 kurtsoa 

Google Analytics tresnaren bitartez neurtzen ditugu gure atari digitaleko datuak. 2016-2017 ikasturtean hasi ginen. Orduko datuak eta aurtengoak alderatuz gero, ondorioztatu dugu gorakada nabarmena izan dutela tarte horretan, 2020-2021 kurtsora arte batez ere, eta egonkortu egin direla aurten. Ezkerreko grafikoari so eginez gero, kurtsoz kurtso datuek izan duten bilakaera erakusten duenari, ikus daiteke 2019-2020 ekitaldia izan zela mugarria, orduan eman genuela jauzi adierazgarriena: %91 erabiltzaile, %89 saio eta %88 bisita gehiago, 2016-2017aren aldean. Zenbat eta gorago igo, orduan eta kaskarreko handiagoa jaistean, hala dio esaerak, baina ez da hori gure kasua, 2020-2021eko zenbakiak are hobeak izan zirelako (orduan jo genuen goia), eta aurtengoak ere bai, iazkoetatik oso-oso gertu. 

Eduki ikusienak 

Aurtengo artikulu ikusiena izan da udal ordezkariek sanpedroetako kontzertuak nortzuk emango zituzten iragarri zutenekoa, 1.163 ikustaldirekin. Ikusmin handia piztu du baita ere herritar talde batek Lasarte-Oriako Transmaribollo Kolektiboa sortu izanak (1.100 bisita), eta sanpedroetako haurren txupinazoak (918). Zerrendan daude 22. Korrikaren kronika, Zabaleta auzoko festen egitaraua, Korrika Txikia bideoz grabatu izana eta Arrapide pasealekua erabiltzeko araudia, besteak beste.