Kris Alvarez Altuna: "Euskaraz hitz egiteko eta idazteko baliabide gehiago izan nahi nituen"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2022ko uzt. 29a, 09:00

Lasarteoriatarrak C2 euskara maila eskuratzeko ikastaroa egin du Muntteri AEK euskaltegian. Lan "asko" egin behar izan duen arren, "oso gustura" aritu dela azpimarratu du.

Ezohikoa da Muntteri AEK euskaltegia eta inguruak horren lasai ikustea. Irakasle eta ikasleek merezitako oporrak hartu dituzte, ikasturte luze baten ostean indarrak hartzeko. Bertan aritu da Kris Alvarez Altuna herritarra irailetik ekainera, lan eta lan, inurrien pare, C2 euskara maila edo erabiltzaile adituarena eskuratzeko asmoz. Azken emaitza, mintzamen probarena, duela egun batzuk jaso zuen, oporretan zegoela: gai. Gainerako alor guztiak ere gaindituta, bete du helburua: maila hobetzea, euskaraz aritzeko tresna gehiago eskuratzea. Harekin elkartu da TXINTXARRI, bere esperientziaz jarduteko.

Zerk bultzatu zintuen C2 euskara maila eskuratzeko ikastaroan izena ematera? 
Euskaraz hitz egiteko eta idazteko baliabide gehiago lortu nahi nituen, nire maila hobetu eta aberastu. Betidanik gustatu izan zait euskara ikastea, titulua bera ez zen premiazkoena niretzat. Hori bai, behin ikasten hasita, argi nuen eskuratu nahi nuela.

Lau trebetasun proba egin behar izan dituzu C2 mailan: irakurmena, entzumena, idazmena eta mintzamena. Zer moduz moldatu zara?
Gustura landu ditut guztiak, baina exigenteak izan dira, idazmena batez ere. Ikasturte hasieratik hona hobetu dut hitzez adierazteko modua, eta balio izan dit hartuta nituen zenbait mania kentzeko. Kurtsoan zehar, oro har, lasai aritu naiz, azterketen aurretik urduri jarri arren. Idazmen probaren aurretik, esate baterako, behin bertan izanda, asko harritu ninduen horrenbeste jende ikusteak.

C2 mailan aditu rol batetik aritzeko eskatzen zaio ikasleari, prestatzeko idatzizko testuak eta ahozko azalpenak, idazmen eta mintzamen probak prestatze aldera. Eroso sentitu zara? Zein gai landu duzu?
Askotan erabiltzen nituen nire ustez, nire iritziz eta antzeko esamoldeak, eta irakasleak, Iñaki Dorronsorok, behin eta berriro errepikatzen zidan ziurtasunez aritu behar nuela, aditu bat izango banintz bezala. Kosta zitzaidan hasieran, baina hartu nuen martxa gero.
Irakaslea naiz ni ogibidez, eta erabaki nuen jorratzea jolasguneak nolakoak diren genero ikuspegitik, eta horiek nola eraldatu, inklusiboagoak izan daitezen. Lehendik landua nuen, baina C2 maila prestatu bitartean sakontzeko aprobetxatu dut.

Muntteri AEK euskaltegian egin duzu ikastaroa. Eskolak izan dituzu astero, ala autoikaskuntza egitea aukeratu duzu?
Aurten C2 maila prestatuko nuela erabaki nuenean, euskaltegiko kideekin jarri nintzen harremanetan. Lasarte-Orian talde bat ateratzeko adina ikasle izango ginela baieztatu zidatenean, eskolak hartzea erabaki nuen, lanagatik-eta ondo etortzen zitzaidalako. Astero bost ordu izan dira, bi ordu eta erdiko saio bana. Lan asko egin dugu denok eta exigentea izan da, baina oso-oso gustura aritu naiz, eta uste dut asko lagundu didala taldekide eta irakaslearekin horren giro ona izateak. Nabarmendu nahi nuke Iñakiren lana, ikasketa prozesua oso atsegin egin duelako, hizkuntzarekin jolasteko ariketak ekarri dizkigulako, anekdotak kontatu, hitzen jatorriei buruzko istorioak partekatu... Gozagarria izan da hori guztia.

"Asko lagundu dit taldekide eta irakaslearekin horren giro ona izateak"

Ikasturtea hasi aurretik, esan ziguten zaila dela C2 maila eta normalean hiru ikasletik batek (%33) gainditzen duela. Ez da kasualitatea gure taldeak portzentaje hori bikoiztu izana.

Esan duzu taldean giro ona izan duzuela. Euskara maila hobetzeaz gain, euskaltegi batean herrikideekin aritzea elkar ezagutzeko eta harremana estutzeko baliagarria ere izan daiteke?
Bai. Taldekide izan ditudanak ezagutzen nituen lehendik, bistaz, herrian ikusi izanagatik, eta giro polita sortu dugula uste dut. Euskara ikastea buruan dutenei euskaltegira joatea gomendatzen diet.