Lasarte-Oriako ordezkaritza izan da Lesakako Rallysprintean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 28a, 14:30
Kortajarena anaien Citroen Saxoa, Lesakako proban lehiatzen. Arg.: Peli AVM / Arsenio Gordillo

Lesakako Rallysprinta lehiatu zen hilaren 23an. Nafarroako Txapelketako proban 84 ibilgailu batu ziren eta lasarteoriatarrak izan ziren maila ezberdinetan parte hartzen. Mikel eta Ekaitz Kortajarena anaiak 2 mailako eta A klaseko bigarren postuan sailkatu ziren

Euskadin zein Nafarroan Errepideko rallyen lehiak aurrera darrai. Hilaren 23an, Nafarroako txapelketak hitzordu berria izan zuen Lesakan eta herriko bi ordezkari izan ziren parte hartzen. Mikel Kortajarena eta Ekaitz Kortaxarena 2 mailan A klasean jardun ziren euren Citroen Saxoarekin; Alejandro Lopez eta Aitor Manso, berriz, BMW 316 batekin FL klasean izan ziren lehian.

Lesaka eta Endara-San Anton urtegiaren arteko 9,3 kilometroak lau alditan egin zituzten parte hartzaileek. Bitan Lekakatik Endarara eta beste bitan Endaratik Lesakara.

Mikel Kortajarena eta Ekaitz Kortaxarena bikoteak guztira 27.51,300 denbora metatu zuen eta sailkapen orokorreko 22. postuan amaitu zuten. Alabaina, 2 mailan zein A klasean bigarren sailkatuak izan ziren.

FL klaseko lehian, Alejandro Lopez eta Aitor Manso bikoteak 28.11,100eko marka metatua egin zuten. 

Goilurrak Rallya 

Lasterketa hau baino lehen, hilaren hasieran Azkoitiko Goilurrak Rallyan parte hartu zuten Kortajarena anaiek.

Azkoitiko proban 2 mailan R klasean lehiatu ziren eta hamar eremu ezberdinei aurre egin zizkioten. Guztien denborak batuz 01.26.22,098 marka lortu zuten; 2. mailako seigarren eta R klaseko bederatzigarren sailkatu ziren.