Finalak, marka berriak eta dominak eskuratu dituzte herritarrek Espainiako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 28a, 12:40
Ainhoa Martin, absolutko gazte mailako podiumeko gorenean. RFEN

Absolutu eta Junior mailako igeriketako Espainiako txapelketa amaitu da. Lasarte-Oriako igerilariak bikain lehiatu dira domina eta marka berriak eskuratuz

Bidasoa XXIeko Ainhoa eta Leire Martin hainbat probetako A zein B finaletarako sailkatu ziren. 

Ainhoa, esate baterako, absolutu zein absolutu gazte mailako podiumetara igo zen. 400 m. lau estilo proban A finalean egon zen eta absolutu mailako zilarrezko domina zein absolutu gazte mailako urrea jantzi zituen. 200 m. lau estilo (A finala) eta 100 m. bular (B finala) probetan absolutu gazte mailako bigarren postua eskuratu zuen eta 50 m. (B finala) eta 200 m. bularreko (A finala) lehian, berriz, absolutu gazte mailako hirugarren izan zen. Azken proba horretan absolutu mailako laugarren postua egin zuen. 

Leirek, berriz, 200 m. lau estilo probako (A finala) brontzezko domina eskuratu zuen absolutu gazte proban. Horrez gain, lau estiloko 400 m. probako A finala lehiatu zuen eta 50 m. zein 200 m. bizkar probetako B finaletan jardun zen.

Marka ondu

Junior mailako lehiaketan, berriz, Garazi Etxeberriak bi proba egin zituen: 50 m. eta 100 m. libre proba.

Lehenean akats tekniko batzuk medio, ez zuen marka ontzerik izan. 100 m. libreko saioan kendu zuen arantza, ordea. Bere marka pertsonala 1.00,87an utzi zuen eta 14. postuan izan zen bere adinean, 50 librean lortutako sailkapena nabarmen hobetuz.

Buruntzaldea IKTko prestatzaileak pozik daude Etxeberriak txapelketan lortutako emaitzekin, baita egin duen ikasturtearekin: "Aurten bigarren aldiz Espainiako Txapelketa batean izan da Garazi. Oso garrantzitsua izan da egin duen bidea eta aldaketa. Gutxienekoak behin eta berriro egiteko gaitasuna erakutsi du eta aurrera begira horrek duen balioa momentuko ematzetatik haratago doala uste dugu".

Getaria-Zarautz proba

Hilaren 24an, berriz, 50. Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia jokatu zen. 2.700 bat igerilarik parte hartu zuten proban eta lasarteoriatarrak ere izan ziren lehian.

2.850 m ibilbidea egin eta helmuga zeharkatzen lehen herritarrak Irati Arzallus (43.13) eta Andoni Illarreta (45.03) izan ziren. Arzallus emakumeen mailan zazpigarren sailkatu zen.

Gainerako herritarrak edo herriko taldeetako kideak eta haien denborak hauek izan ziren: Joane Arzallus, 46.37; Itsaso Tolosa, 48.20; Garikoitz Lopetegi,  48.26; Asier Gorostegi, 52.03; Antxon Mena, 54.11; Ainara Benavente, 57.53; Jon Pey, 57.56; Sheila Blazquez, 58.44; Idoia Recondo, 59.50; David Morales, 01.00.16; Oscar Gil, 01.03.11; Marta Gonzalez, 01.09.29 eta Ainhoa Ormazabal, 01.16.44.